Legazpiko lau dantzarik parte hartuko dute Euskal Herriko aurresku txapelketan
Sustraiak dantza taldeko kideak dira lauak, horietako bat Irati Olaizola, iaz txapeldunorde titulua eskuratu zuena. Txapelketa igandean jokatuko da, Hondarribian.
Sustraiak dantza taldeko lau dantzarik parte hartuko dute igandean Hondarribian jokatuko den Euskal Herriko bosgarren gipuzkoar erako Aurresku Txapelketa Nagusian. Txapelketa Itxas-etxea aretoan jokatuko da, 18:30etik aurrera, 15 urtetik gorako hamaika neska eta mutil dantzariren partaidetzarekin. Irati Olaizola, Laia Arruabarrena, Maider Encina eta Naroa Sanchez dira legazpiarrak. Irati Olaizolak txapeldunorde titulua irabazi zuen iazko edizioan.
Dantzari bakoitzak hiru dantza egin beharko ditu, bi txandatan banatuta: Aurkez aurke edo desafioa, Betronio handia, Ehun dukat edo Graziana soinu zaharretako bat, eta Zortzikoa. Janzkera ere sarituko denez, lehenengo txandan ohiko jantzia eraman beharko dute dantzariek, eta bigarrenean, jantzi librea.
Epaimahaia Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izendatuko Jose Luis Vallejo, Nagore Indakoetxea eta Nahikari Vizuete adituek osatuko dute.
Irabazleak Gipuzkoako Euskal Dantzariek Biltzarraren garaikurra, txapela eta 400 euroko saria jasoko ditu, bigarrenak trofeoa eta 300 euro, eta hirugarrenak trofeoa eta 200 euro.