Xabi Zurutuza Junior GP txapelketako bigarren posturako lehian izango da asteburuan Valentzian
Igandean ditu denboraldiko azken lasterketak. Dazn plataformak zuzenean emango ditu telebistatik. Zurutuzaren fan klubeko kideak Karibe Zaharra tabernan elkartuko dira karrerak ikusteko.
Denboraldiaren amaierara iritsi da Xabi Zurutuza moto pilotua, eta asteburuan izango ditu azken lasterketak, Valentziako Ricardo Tormo zirkuituan. Laugarren doa legazpiarra Junior GP txapelketako sailkapenean, baina bigarren postua lortzeko aukera handiak ditu, bi lasterketa hauetan 50 puntu jokoan izanik, bigarren pilotutik 14 puntu eskasera dagoelako, eta 8 puntura hirugarrenetik.
Valentziako zirkuitua gustuko du Zurutuzak, Cuna de Campeones eskolatik ezagutzen du, eta bertan “etxean bezala” sentitzen dela dio. Aurrean dituen bi lasterketak “oso biziak eta lehiakorrak” izango direla uste du, baina “oso kontzentratuta nago, eta txapelketako bigarren postua eskuratzeko nire mailarik onena emango dudalakoan nago”. Gainera, MTA taldearekin egingo dituen azken bi lasterketak izanik, “oso polita izango litzateke horrelako emaitzarekin amaitzea”.
Sailkapenerako probak larunbatean izango dira, 10:30ean eta 14:40ean, eta bi lasterketak, igandean, 11:00etan eta 14:00etan. Ohi bezala, Dazn plataformak zuzenean emango ditu lasterketak, eta pilotuaren Legazpiko fan klubeko kideak eta gainerako jarraitzaileak Karibe Zaharra tabernan elkartuko dira, telebistaz ikusteko.