Bihar egingo dute San Nikolas erronda Legazpin
Irene Khan Olaizola izango da Gabonak iragarriko duen gotzaina. Laubidetik aterako da erronda 17:30ean Doinua eskolako musikariez lagunduta, eta Santikutz kaletik behera joango da, plazan amaitzeko.
San Nikolas bihar iritsiko da Legazpira, eta ohiko erronda egingo du, Gabonak iristear direla iragartzeko. Gotzain txikiak gidatuko duen erronda 17:30ean abiatuko da Laubideko kale nagusitik, eta Santikutz kaletik behera joanda, ohiko bisita egingo dute adinekoen egoitzara, eta handik plazaraino joango dira, Kale Nagusitik igarota. Ohi bezala, San Nikolas, San Nikolas santua, Urte berri berri eta Daukanak kantetako koplak abestuko dira. Amaieran, txokolate beroa banatuko dute.
Doinua Musika eskolako musikariek lagunduko diote San Nikolas gotzain gazteari errondan. Aurten, Olazabal institutuko DBH1eko ikaslea den Irene Khan Olaizola izango da San Nikolas.