Ur parkea kokatzeko bi lekuren artean aukeratu dezakete legazpiarrek
San Ignazio auzoko haur parkearen ondoa da bat, eta Juanastegi kalearen azpialdea bestea. Udalaren webgunean bozkatu behar da. ur parkea datorren urteko udarako prest egotea nahi dute
Aurrekontu parte hartzaileetan jasotako proposamenari jarraituz, Legazpiko Udalak ur parke bat egin behar du, eta bi kokalekuren artean erabaki behar dute orain herritarrek: San Ignazio auzoko haur parkearen ondoa, eta Juanastegi kalearen azpialdea, Kultur Etxea eta Itxaropen auzoaren artean. Bozketa hilaren 11ra arte egin daiteke, www.legazpi.eus webgunean.
Bi eremu horiek irisgarriak dira, orientazio egokia dute, ur parkeak behar dituen hiri zerbitzuak gertu dituzte eta erabiltzaileentzako ingurune goxoa, erosoa eta itzalduna sortzeko aukera dago bietan.
Ur parkea udalak finantzatuko du, eta 2024ko udan erabiltzeko prest egongo da. Haur txikienentzako zein nagusiagoentzako elementuak izango ditu.