Legazpiko San Silbestre lasterketa aurkeztu dute
Abenduaren 31ko 17:00etan egingo da, Kale Nagusitik irtenda, eta herri barruan 4,5 kilometroko ibilbidearekin. 250 partaide onartuko dira bakarrik, eta izenak aurretik eman behar dira.
Legazpiko San Silbestre lasterketaren aurtengo edizioa aurkeztu dute antolatzaileek, Brinkolako Bergaretxe Geltokian egindako ekitaldi batean. Gaizka Romero eta Josu Egaña antolatzaileekin batera, probaren babesle den Disur enpresako Rakel Uribetxeberriak eta lasterketaren edizio guztiak irabazi dituen Irati Zurutuzak ere parte hartu zuten.
Aurtengoa, Legazpiko San Silbestre probaren 5. edizioa izango da. Lasterketa berria da, Gaizka Romeroren ekimenez 2018 urtean martxan jarri zena. Iñigo Txintxurreta batu zitzaion gero antolaketa lanetara, eta azken edizio honetan Josu Egaña ere elkartu da taldera. Hiruren artean prestatu dute aurtengo lasterketa, abenduaren 31ko 17:00etan Kale Nagusitik abiatuko dena, eta 4,5 kilometroko ibilbidea izango duena, herriari bi buelta emanez, bigarrena lehenengoa baino motzagoa.
Lasterketa honek 250 partaideko muga izango du, eta izenak emateko epea irekita dago www.kronoak.com webgunean, hilaren 30eko 24:00ak arte. Izen-ematea pertsonako 6 euro izango da, eta 12 euro bikoteka eginez gero. Egunean bertan ezin izango da izenik eman.
Laguntzaileak eta sariak
Legazpiko San Silbestrea aurrera eraman ahal izateko, laguntzaile eta babesleak lortu dituzte antolatzaileek, eta eskerrak eman dizkiete emandako laguntzagatik. Horiei esker, besteak beste, sariak izango dira lehen, bigarren eta hirugarren emakumezkoarentzat eta gizonezkoarentzat, lehen bikotearentzat, legazpiarrez osatutako lehen bikotearentzat (biak Legazpin erroldatuta egon beharko dira), lehen emakumezko legazpiarrarentzat, lehen gizonezko legazpiarrarentzat, eta mozorro onenarentzat. Gainera, opariak zozkatuko dituzte partaide guztien artean.
Disur enpresa da laguntzaileetako bat, eta sariez arduratzen da. Besteak beste, irabazleentzako txapelak, sudaderak, kamisetak eta biserak eskainiko ditu. Uribetxeberriak aurkezpenean azaldu zuenez, Kale Nagusiko Idoia Oinetakoek dendaren lokalean egongo dira sari horiek ikusgai, eta sudaderak eta kamisetak enkargatzeko aukera izango da, hilaren 22ra arte, antolakuntzako Gaizkarekin (646 001 020) edo Josurekin (629 707 161) harremanetan jarrita.
Bestelako laguntzaileak ere beharko dituzte antolatzaileek lasterketaren egunean, bidegurutzeak eta egiteko. Lan hori egiten lagundu nahi dutenek ere antolatzaileekin jarri beharko dira harremanetan. Boluntarioen artean, Atzegiko kideak ere izango dira aurten, azken urteetan bezala. Eguna noiz iritsiko irrikan omen daude.
“Urtea bukatzeko modu polita”
Hala dago, baita ere, Irati Zurutuza, orain arteko edizio guztiak irabazi dituen emakumezkoa. Legazpikoa da, eta lasterketa hau berarentzat “oso berezia” dela aitortu du.
Atletismo egitera herritik kanpora atera behar izan zuen duela urte batzuk, eta herrian bertan lagunez eta familiakoez inguratuta korrika egitea eta irabaztea hunkigarria dela dio. Duen arintasunagatik zirkuitua ere erakargarria dela nabarmendu du, eta Legazpiko auzo askotatik igarotzea ere polita iruditzen zaio. Horregatik animatzen du jendea parte hartzera, “urtea bukatzeko modu polita” delako.