Gabonak apaintzeko, izeiak aukeran Ordiziako ferian
Gorosti landare txikiak ere saltzen jarri dituzte, eta pazko loreen eskaintza zabaldu da, gorria gehien saltzen dena bada ere. Barazkietan, kardua izan da izarra.
Lehia handiegirik ez dio egin Ordiziako azokari oso kilometro gutxitara ospatzen ari den Santa Lutzia feriak, baina aitortu behar da eragina izan duela, hainbat saltzailek nahiago izan dutelako plaza handiagora joan. Horregatik ikusi dira hutsune gutxi batzuk plaza barruan.
Erosleak, berriz, betiko moduan ibili dira, eguraldiak asko lagundu ez badu ere, goiza euritsua izan baita. Bisitariak ere izan dira gaur, eta D’Elikatuz zentroko gidariekin batera, feria bertatik bertara ezagutzen izan dira Basque Culinary Centerreko talde bat eta Errenteriako Cristobal Gamon ikastetxea.
Izeiak eta kardua
Berritasun aipagarriak izan dira, bestalde, gaurko ferian, eta tamainari erreparatuz handienarekin hasita, izeia aipatu behar da. Mikel Lasaren postuan zeuden salgai batzuk, bi motatakoak, izei arrunta eta normandiar izeia. Azken hori bestea baino ikusgarriagoa denez, prezioa ere altuagoa du, 20 euro bakoitza; arrunta, berriz, 15 euroan izan du salgai. Gabonetarako apaingarri natural hori erosteko ohitura apaltzen joan da azken urteetan, eta eskaintza ere egokitu egin da eskaerara, garai batean gehiago izaten zirelako aukeran Ordizian. Aurten ez dira faltatu, eta ez dira faltako datorren astean ere.
Beste berritasuna Baliarraindik iritsi da, Edurne Jauregik kardua aurkeztu baitu. Ohi bezala, pieza osoak jarri ditu salgai, tamainaren arabera 2,5 eta 3 euro artean.
Gabonetarako loreak
Lore kontuetan ere izan dira berriak, eta horiek ere Gabonei begira jarri dira. Pazko loreak duela aste batzuk iritsi ziren, baina eskaintza zabalagoa da orain, kolore eta tamainei dagokienez. Gorriak, arrosak eta laranjak daude salgai momentuz, baina zurien eta jaspeatuen zain dago Maria Dolores Mendizabal. Aukera zabala da, baina erosleek ohikoa nahi omen dute oraindik, eta pazko lore gorria da oraindik gehien saltzen dena. Landare bakoitza 5 eta 10 euro artean daude.
Eta Gabonetarako oso aproposak dira, baita ere, Iñaki Azanzak saltzen dituen gorosti txikiak, propio apainketarako hazitakoak. Landare bakoitza 5,5 euroan jarri du salgai.
Perretxikoetan, Barcinaren hutsunea
Perretxikoen eskaintza Mikel Lasak aurkeztutakora mugatu da gaur, Felix Barcinak amaitutzat eman duelako denboraldia. Gaur bertan ez da etorri, eta datozen asteetan ere ez, udaberrira arte.
Hala ere, izan da zer erosi:hamar kilo saltsa perretxiko beltz, 22 euroan kiloa; bost kilo mendiko angula, 22 euroan; bost kilo tripaki perretxiko, 10 euroan, eta hiru kilo ziza hori, 22 euroan.
Lasak ehiza ere saltzen du, eta gaur hamar eper (10 euroan bakoitza) eta 40 uso (7 euroan) eskaini ditu.
Gereziak, ozeanoaren beste aldetik
Gerezia udako fruta da, eta orain uda den edo uda iristen ari den lekuetatik ekarrita, salgai izan dute fruta saltzaileek Zuhaiztian, 10 eta 15 euro artean kiloa. Ruedaren postuan, esaterako, Txilekoa zuten.
Paraje haietatik dator, baita ere, Gabonetan oso estimatua izaten den anana. Kiloa 2-6 euro artean dago.
Hurrengo feriak, bereziak
Gaurkoa amaitu berritan, datozen asteazkenetako feriei begira jarri behar da, biak bereziak izango direlako. Hurrengo asteazkenean, hilak 20, Gipuzkoako txistorra lehiaketa egingo da, eta hurrengoan, hilak 27, Gabonetako feria berezia ospatuko da.