Saskibaloi eskolen bigarren topaketa egin dute Legazpin
Igande goizean egin zen, Legazpiko, Eibarko, Soraluzeko eta Debako jokalari gaztetxoak elkartuta. Andraitz klubak lagundu du antolaketan.
Ikasturtean bigarrenez, saskibaloi eskolen topaketa egin dute asteburuan Legazpin, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak antolatuta eta Andraitz klubaren eta udalaren laguntzarekin. Topaketa Domingo Agirreko ikastetxeko kantxan egin zuten igande goizean, eta bertan Legazpiko jokalariez gain, Eibar Saskibaloia, Soraluze BKE eta Debasket klubetakoek ere parte hartu zuten.
Lau partida jokatu zituzten guztira. Lehen partida Andraitz eta Eibar taldeen artekoa izan zen, eta 32-54 izan zen emaitza, eibartarren alde. Ondoren, Eibar eta Debastek neurtu ziren, eta emaitza 44-18 izan zen, eibartarren alde. Soraluze eta Andraitzek jokatu zuten gero, eta 14-33 irabazi zuten legazpiarrek. Amaitzeko, Debasket-Soraluze partidaren emaitza 11-24 izan zen, Debakoen alde. Guztiaren gainetik, kiroltasuna gailendu zen.
Anfitrioi lanak egin zituen Andraitz Klubeko arduradunen arabera, “saskibaloi eskolen topaketa oso positiboa izan zen, eta agerian geratu zen jokalari horiek etorkizun hurbilean izan dezaketena”.