Txistu doinu elektronikoak
Legazpiko txistulariek 'Txistu Mixtu' diskoa grabatu dute, eta Interneten jarri dute entzungai. Bederatzi pieza dira, eta bostek kutsu elektronikoa dute. Beste laurak herriko abestiak dira.
Txistu doinuei erritmo elektronikoak erantsi, eta Txistu Mixtu lanean jaso du emaitza Legazpiko Goiz Deia txistulari bandak. Bost abesti dira, Santa Zezilia kontzertuan estreinatutakoak, eta herriko beste lau pieza tradizionalekin batera, Youtuben eta Spotify musika plataforma digitalean daude entzungai, Txistu Mixtu izenburupean bilduta..
Carlos Santa Colomaren Oroitzapena, ETSren Zurekin batera, Xalbadorren heriotzean abestiaren Xabier Leteren bertsioa, Benito Lertxundiren Loretxoa eta Imanol Urbietaren Behin betiko moldatu dituzte musika elektronikoarekin uztartzeko. Mutrikuko Axular Arizmendi eta A Coruñako Fran Carreira arduratu dira abestien produkzioaz, eta Mutrikuko Ame estudioan grabatu dituzte.
Diskoa osatzen duten Legazpiko abesti tradizionalak Zortzikoa, Biribilketa, maiatzaren 3ko Santikutz eguneko Ezpata dantza, eta Oilar Jokoan jotzen den Tranka-tranka dira.
Abesti elektronikoetan txistulariek bakarrik jo dute, baina abesti tradizionaletan atabala ere sartu dute.
Santa Zeziliari zor
Goiz Deia bandako zuzendaria den Iker Azpeitiak azaldu duenez, Santa Zezilia kontzerturako urtero gauza desberdinak aurkezteko grinan dago diskoaren jatorria. «Ez dugu txistua bakarrik jo nahi izaten,eta beste instrumentu batzuekin elkartzea gustatzen zaigu. Pianoarekin, gitarrarekin, soka laukotearekin, ahotsekin… era askotara egin dugu orain arte». Aurten ere ikuskizun berria eta berritzailea eskaini nahi zuten, eta «azken aldian Bulego, ETS eta beste euskal talde batzuk musika elektroniko asko sartzen ari direla ikusita, guk ere hori egitea pentsatu genuen».
Horretarako, Axular Arizmendirengana jo zuten. «Aurretik ezagutzen genuen, nik Dpintxos taldean jotzen nuenetik, bere Ame estudioan grabatu genituelako diskoak». Gainera, iazko Ibilaldirako egin zuen abestiaren erreferentzia ere bazuten, «oso elektronikoa zen hura ere». Ideia komentatu zioten, eta baietz esan zien Legazpiko txistulariei. «Ideia ona iruditu zitzaion, berria zelako, baita publikoarentzako ere.
Hasieran, kontzertuan erabiltzeko zatia bakarrik grabatzeko asmoa zuten, «txistuen doinuaren atzetik entzungo zen musika elektronikoaren pista». Baina grabazio estudioan sartu behar zutenez, azkenean Legazpikoak sartzea ere erabaki zuten.
Oso harrera ona
Txistu Mixtuko pieza elektronikoak Santa Zezilia kontzertuan aurkeztu zituzten publiko aurrean, eta oso harrera ona izan zuten. «Oraindik jendeak kalean gelditu egiten nau zoriontzeko».
Txistulari batzuen mezuak ere iritsi zaizkie, gustatu zaizkiela esanez.
Goiz Deiaren abesti elektroniko horiek zuzenean berriz entzuteko aukera izango da laster, hilaren 30ean kalean 12:30ean emango duten Gabonetako kontzertuan.