Gabon giro bete-betea Legazpin, gaur hasita
Ilintik Gabonetako kanpainako sariak zozkatzeko festa egingo du Laubiden. Larunbata, Haztegiren Merkatu Txikiaren eta Martin Pipasen eguna da. Igandean, San Tomas azoka egingo dute Domingo Agirrek eta Olazabalek.
Olentzero iritsi da Txorroneako balkoira, eta duela aste batzuk ere bai Mirandaolara Mari Domingirekin batera. Kaleetako eta auzoetako argiak piztuta daude joan den astetik, eta dendetako erakusleihoak ere apaindu dituzte. Gainera, Arzuagak jarri du jaiotza Udanan.
Gabonen hurbiltasunaren seinale dira horiek guztiak, baina gaurtik aurrera areagotu egingo da giro berezi hori, hiru jai handiri esker: gaurko Ilintiren festa, biharko Merkatu Txikia eta Martin Pipas, eta igandeko San Tomas azoka.
Ilintiren eta Lintxoren festa eta opariak
Festa handia iragarri du Ilinti merkatari elkarteak gaur arratsalderako. Laubiden izango da, eta 18:30ean hasiko da, Xaibor DJaren emanaldiarekin. Ilintiko kideek txokolate beroa banatuko dute dantzaldian zehar, eta ondoren, sari banaketa egingo dute.
Lehenik, herriko eskoletako ikasleei zuzenduta egin duten Lintxo Gabonetan marrazki lehiaketako irabazleenak banatuko dituzte. Eta ondoren, Gabonetako kanpainako 200 euroko hamar txartelak zozkatuko dituzte. Sariak jasotzeko ezinbestekoa izango da bertan egotea.
Merkatu Txikia, Haztegin
Larunbatean izango du jarraipena jai giroak Legazpin, Haztegi ikastolak antolatutako Merkatu Txikiarekin eta Martin Pipasen ekitaldiarekin. Latxartegi parkean egingo dituzte biak, ikastolaren ondoan.
Merkatu Txikia 11:30ean irekiko da, eta 12:00etan marrazkien txokoak jarriko dituzte martxan geletan. Arratsaldean, Martin Pipas iritsiko da, eta 16:30ean hasiko da Olentzerorentzako gutunak jasotzen, ikasleen Gabon kantuez lagunduta. Txokolate beroa eta gailetak izango dira.
San Tomas, Azokan
Asteburua amaitzeko, igande goizean San Tomas azoka egingo dute Domingo Agirrek eta Olazabalek. Azokan eta plazan izango da, 11:00etan hasita.
Ohiko osagaiak izango ditu feria berezi honek: taloak, txorizoa egiten ikasteko txokoa, gaztagintza, eskulanak, saskigintza, baserriko tresnen eta barazkien erakusketak, asto-txuxua, gaztaina erreak… Aurten, gainera, saskigintza txokoan Aspaceko kideak izango dira lanak egiten eta saltzen.