Nerabeentzako zerbitzuak hainbat ekintza antolatu ditu Gabonetarako
Gaur arratsaldean eman behar dute izena gazteek, Gazte-txokoan. Zerbitzuak 20 urte beteko ditu urtarrilean.
Eta Gabonetan zer? lelopean, Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuak hainbat ekintza antolatu ditu 11 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat. Urtarrilaren 2an zerbitzuak 20 urte beteko ditu, eta Gabonetako ekintza berezi horiekin hasiko dute ospakizuna Urtean zehar ere izango dira ekintza gehiago.
Gabonei begira jarrita daude dagoeneko zerbitzuko gazteak, eta apaingarriak egiten aritu dira azken egun hauetan. Hurrengo astean ere lana egingo dute, Gazte-txokoko sarrerako pareta margotuko dutelako, eta bertan dauden 10. urteurrenaren erreferentziak berritu egingo dituzte. Lanak hilaren 22an , 23an eta 27an egingo dituzte, eta amaitzean bazkaria egingo dute.
Hurrengo egunean, hilaren 28an, Urbileko Kosta Jump-era joango dira eta abenduaren 29an pizza bazkaria eta bingoa egingo dituzte Gazte-txokoan. Urtarrilaren 3tik 4ra bitartean, hogeigarren urteurren gaubela izango dute, eta bukatzeko, urtarrilaren 5ean, 20 urteak herritarrekin ospatzeko asmoz, Nerabeentzako Zerbitzuaren eguna ospatuko dute. Egun horretan, postu bat jarriko dute udaletxea eta parrokiaren artea argazki erakusketa bat jarriko dute, eta ez da festa girorik faltako.
Izen-ematea, gaur arratsaldean
Irteeran, pizza bazkarian edo gaubelan parte hartzeko izena eman behar da, gaur 14:30etik 18:30era, Gazte-txokoan.
Bestalde, hilaren 20an eta 21ean ohiko dinamika izango du zerbitzuak. Hilaren 24an, 30ean eta 31n eta urtarrilaren 6an eta 7an ez da zerbitzurik eskainiko. Ekintza bereziak egingo diren egunetan ere ez da ohiko zerbitzua eskainiko.