Aranzazu Optikak irabazi du Legazpiko erakusleiho lehiaketa
Betieder estetika zentroa izan da bigarrena, eta Attiko diseinuak hirugarrena. Herritarren saria Maitia haurren arropa eta oinetako dendak jaso du, eta Mimaru lore dendari aipamen berezia eman diote.
Aranzazu Optikak irabazi du Legazpiko Udalak eta Ilinti merkatari elkarteak antolatutako Gabonetako erakusleiho lehiaketa. Betieder estetika zentroa izan da bigarrena, eta Attiko diseinuak hirugarrena. Herritarren saria Maitia haurren arropa eta oinetako dendak jaso du, eta Mimaru lore dendari aipamen berezia eman diote. Gaur eguerdian egindako ekitaldi batean jaso dituzte sariak guztiek.
Aurtengo lehiaketan 12 saltokik parte hartu dute: Maitia, Xaloa estetika, Apatxo, Oskarbi Optika, Attiko, Okela harategia, Betieder, Aranzazu Optika, Laubideko eta Nafarroa kaleko Sustrai fruta dendak, Mimaru lora denda eta Kaleko estankoa. Marrazketa, diseinu eta argazkigintzaren alorrean esperientzia handia duten Dani Uribeetxebarriak eta Txakel Urartek osatu dute epaimahaia, herriko merkataritza teknikari berria den Pili Gutierrezekin eta ekonomiaren eta merkataritzaren alorreko udal zinegotzia den Amaia Aizpuruarekin batera. Epaia ematea “oso zaila” izan dela esan dute sari banaketan, partaide guztien erakusleihoak kalitate handikoak direlako, eta lan handia egin dutela agerian utzi dutelako.
Sari banaketaren ekitaldia amaitutakoan, erakusleiho guztiak ikustera joateko gonbita luzatu diete legazpiar guztiei, eta bide batez, denden barrura sartzeko eta bertan erosteko ere bai.
Aranzazu optika garaile
Ez da lehen aldia Aranzazu optika lehiaketa honetan saridun suertatu dena, baina aurten lehen saria jaso du. Optikako Aranzazu Enparanzak azaldu duenez, erakusleiho irabazlean 2024rako desioak eta promesak islatu nahi izan ditu, eta hori umeek idatzitako gutunetan jaso du.
Aranzazu optikak 600 euroko saria eta aurtengo lehiaketaren saridun izendatzen duen plaka jaso ditu.
Bigarren saria irabazi duen Betiederreko Maialen Pozok, berriz, 400 euro eta plaka jaso ditu, eta hirugarren geratu den Attikoko Mattin Osinalde diseinatzaileak 300 euro eta plaka.
Herritarren saria eta aipamen berezia
Herritarrek ere eman dute saria lehiaketa honetan, eta hori Maitiarentzak izan da; Beatriz Magdalenok jaso du 500 euroko saria eta dagokion plaka.
Bozka bidez aukeratu dute legazpiarrek Maitia. Guztira 356 boto jaso dituzte antolatzaileek, eta Maitiak %35 jaso ditu, hau da, 124. Parte hartu duten guztien artean 100 euroko erosketa txartela zozkatu dute, eta Jabier Mugerza izan da irabazlea. Gaurko ekitaldian jaso du horrek ere saria.
Aipamen berezi bat ere izan da aurtengo erakusleiho lehiaketan, eta Mimaru lore dendari eman diote, Gabonetan bakarrik ez, “urte osoan zehar Kale Nagusia alaitzen dutelako jartzen dituzten erakusleihoekin”. Miren, Marina eta Ruth Busca ahizpek 200 euroko saria jaso dute, eta oso emozionatuta agertu dira aipamenarekin.