Txabola bat eraitsi du Legazpiko Udalak San Martin auzoan
Lurzoru publikoan zegoen kokatuta. Eremu horretan dauden gainerako txabolak ere botako dituzte. Herritar guztien erabilerarako gune bat sortu nahi dute bertan.
Legazpiko San Martin auzoko txabola gunea txukuntzeko lanak hasi ditu udalak, eta gaur goizean lehen eraikina eraitsi du. Txabola inguru horretan zeuden bizikidetza, osasungarritasun eta segurtasun arazoei irtenbidea emango die horrela, eta herritar guztiek gozatzeko eta erabiltzeko espazio ireki bat sortu du, parte hartze prozesu baten bidez definituko dena.
Gaur goizean bota duten txabola lurzoru publikoan zegoen kokatuta, eta horrekin hasi da udala. Gainerako guztiak ere botako ditu.
Eric Galvez alkatea bertan izan da, eraiste lanak ikusten. “San Martineko txabolen gatazka konpontzeko konpromisoa hartu genuen, eta horietako bat lursail publikoan egonda, harekin hasi dugu eraisteko prozesua. Lursail guztien jabeak identifikatzeko izapideak egiten ari gara, hauek publiko egin, eta gainerako txabolak bota ahal izateko. Lehenbailehen egitea espero dugu”, esan du. “Hau da lehenengo urratsa”.