Manuel Salmeronen argazkiak daude ikusgai Juan Kruz ile apaindegian
'Paredes de Abelon' du izena erakusketak, eta Zamorako ingurune horretan harriekin egindako hormei ateratako argazkiak dira. Urtarrilean eta otsailean egongo da zabalik.
Erakusketa berria ireki du Legazpiko Juan Kruz ile apaindegiak urte hasierarekin batera, eta oraingoan Manuel Salmeron Ferronek egindako argazkiekin osatu du. Urtarrilean eta otsailean zehar egongo da ikusgai,
Paredes de Abelon (Abelongo hormak) izenburua du Salmeronen bildumak, eta Zamorako ingurune hartan nekazariek eta abeltzainek lursailak banatzeko harriarekin egin zituzten hormei egiten die aipamena, haiei ateratako argazkiak direlako. Abelon Zamorako Los Arribes parke naturaleko sarreran dagoen herri bat da, eta harriekin egindako horma sarea ingurune hartako nortasunaren parte da.
Bigarren erakusketa
Manuel Salmeron Ferron Almeriakoa da jaiotzez eta Zamoran bizi da orain, baina urte asko egin zituen Legazpin eta lotura estua mantentzen du herriarekin, besteak beste, bere seme Gorka Salmeron agazkilariaren bitartez. Legazpin plastikoaren alorrean lan egin zuen, eta herriko kultur mugimenduan murgilduta egin da beti: zine forumaren sorreran parte hartu zuen, Legazpi eta Ferrerias en Legazpi liburuetan kolaboratu zuen hainbat mapa eta ilustrazio eginez, Kultur Etxeko pintura eskoletara joan eta gero hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu zuen herrik beste margolari batzuekin, eta 2005etik 2023ra arte Burdinola elkartearen Txinpartak aldizkaria editatu eta maketatu du.
Paredes de Abelon, Juan Kruz ile apaindegian egiten duen bigarren erakusketa da. 2015ean, olioarekin egindako paisajeak eta bodegoiak eta plumillarekin hainbat argitalpenetarako egindako ilustrazioak erakutsi zituen, baita Kultur Etxearen logoa ere.