Mendiola, Errezildik iritsi den azken sagarra
Produktu berrietarako garaia ez da negua, baina Ordiziako ferian ia astero dago zerbait aipatzeko. Gaur Mendiola sagarraren txanda izan da, Errezilgo Mugarrieta baserritik Simon Aizpuruk ekarriko duen azkena.
Triste eta eguraldi ilunarekin eman dio hasiera urteari Ordiziako azokak, lehen asteazken honetan nabaria izan delako saltzaile batzuen falta, denboraldia amaitu dutelako, edo erretiratu egin direlako. Baina Plaza Nagusian ohiko martxak aurrera egin behar du, eta beti bezala, gaur ere erostekorik ez da falta izan, garai hauek produktu berriak ikusteko aproposenak ez badira ere, daudenak, ugari daudelako.
Horren erakusle barazki postuak dira, garaian garaiko produktuz beteta ikusten direlako: kanpoan hazitako azak, azaloreak, brokoliak, porruak, azenarioak edo eskarolak, eta negutegian hazitako letxugak, borrajak edo ziazerbak, baita tomateak eta piperrak ere oraindik.
Mendiola sagarra, jasotzen azkena
Fruten atalean, berriz, sagarrak dira nagusi, eta horien artean azkena iritsi den Mendiola motakoa aipatu behar da. Errezilgo Mugarrieta baserrikoa da, eta Simon Aizpuruk gaur goizean aurkeztu du hitz hauekin: «Loratzen den aurrena da, baina biltzen den azkena, eta gero ontzen utzi behar da gainera. Azala lodiantzekoa du eta barrua zapore handikoa, gozo-goxoa, gordinik jateko aproposa eta sagardoa egiteko txispaduna». Kiloa 3,5 euroan zuen salgai.
Simon aurten hasi da Ordiziako azokan saltzen, udaberrian bat-batean hil zen Jose Antonio anaiaren lanari jarraipena emateko. Pozik dago salmenten martxarekin, «Jose Antoniok egindako lanaren emaitza jasotzen ari naiz erosleen aldetik, eta horrek poztasuna ematen du jarraitzeko».
Limoiak eta landareak
Fruten artean bada egun hauetan beste berritasun bat ere, limoia. Altzagakoa da Plaza Nagusian saltzen ari den limoia, kiloa 2 euroan, «zapore handikoa, oso ona» erosle batek aipatu zuenez.
Oraingoan fruta da erosi daitekeena, baina laster landarea ere jarriko dute salgai, azkeneko urteetan bezala Maria Dolores Mendizabalek eramaten badu, behintzat. Izan ere, laster hasiko da fruta-arbola landareen salmenta denboraldia, eta besteak beste, Sindikatoan erosi ahal izango dira hainbat eta hainbat.
Bitartean, baratzeko landareen eskaintzarekin konformatu behar. Montes haztegikoek esan dutenez, orain erosleek gehien eramaten dutena udaberriko tipulin zuria eta gorria, eta urte osorako tipula hori eta gorri buruzabala dira (3,5 euroan ehunekoa).
Perretxikoen atala, azkenik, ez dago oso emankor azken aldian. Gaur Mikel Lasak hiru kilo mendiko angula (kiloa 22 euroan) eta bi kilo saltsa perretxiko beltz (kiloa 22 euroan) besterik ez ditu jarri salgai.