Aizalekura eta Gaintxikira, Izadi Zaleak elkartearekin
Urteko lehen irteera haurrekin egingo dute Legazpiko mendizaleek, igandean. Ibilbidea 10 kilometrokoa izango da.
Izadi Zaleak elkarteak haurrentzako irteera batekin hasiko du urtea. Igande honetan, hilak 14, Aizalekura eta Gaintxikira joango dira, 10 kilometroko luzerako eta 470 metroko igoerako ibilbidea osatuz.
Irteteko hitzordua 09:00etan jarri dute, elkartean bertan. Plazara joango dira gero, eta hilerri ondotik Errege Bidera igo, hori zeharkatu eta gorantz jarraituko dute. 809 metrotara dagoen Aizalekuko gailurrera iritsi baino lehen, neolitikoko garaiko hainbat trikuharri aztarna ikusteko aukera izango dute mendizaleek.
Aizalekun Aizkorriko eta Goierrirako bista ikusgarriez gozatu ondoren, jaisten hasiko dira Atagoitiraino, eta handik 587 metroko altuerara duen Gaintxiki joango dira. Hangoa da Legazpiko ikuspegirik onena.
Ibilaldiak Arrasetatik jarraituko du, Mendizabal baserriraino. Handik Legazpi eta Zumarraga-Urretxu lotzen dituen bidegorrira jaitsiko dira, eta bide horretatik gora, Legazpira itzuliko dira.
Ikasturte honetan Izadi Zaleak mendi taldeak haurrekin egingo duen hirugarren irteera izango da. Lehena iazko urrian egin zuten, Nafarroara, eta han Basabere animalien zentroa bisitatu zuten. Azaroan Aralarrera joan ziren, eta besteak beste, Sarastarriko kobazuloan barrena ibili ziren.