Astotxo egun emaritsua Lazkaon
Enkarterri astoen Gipuzkoako erakusketa eta lehiaketa aspaldiko oparoenak izan dira, buru kopuruari dagokionez. Hiru urteko etenaren ondoren, 'Egiptorako ihesa' kale antzezpena itzuli da.
Lazkaon igandean ospatu zuten Astotxo Eguna, Eguberri aldiari eta egitarauari amaiera emateko. Ohiko osagai guztiak izan ditu berriro, eta, eguraldi makurra egin badu ere –zaparrada mardulak eta hotzetik–, ikusle eta bisitari asko bertaratu dira.
Enkarterri astoaren Gipuzkoako topaketa garrantzitsuena izaten jarraitzen du Lazkaoko Astotxok. 110 buru ekarri zituzten atzo, 87 eme eta 23 ar. Bertako arrazaren berreskuratze lanaren fruituak eta osasun ona ikusi ahal izan dira. Baserritarrek eta ganaduzaleek hurrengo urteetako biziraupena ziurtatzeko ere ekinean segitzen dute. Kalifikazioa lortzeko 33 asto ekarri dituzte aurten (21 eme eta 12 ar). Hiruk ez dute lortu, gutxieneko altuerara ez zirelako iristeko; eta beste biri momentuz ez diete eman, baina datorren urterako aukerarekin utzi dute, haziko delakoan.
Plazan jarri dituzte erakusgai asto guztiak, eta goizeko asto-dianan kalejiran erabili dituzte haurrek eta herritarrek, Goierriko txistularien eta Lazkaoko joaldunen laguntzarekin. Goizean zehar, Jotake Lazkaun taldeko joaldunez gain, Beasaingo Zanpaldunak eta Uztaritzeko (Lapurdi) Kotilunak taldeko joaldunak ere ibili ziren. Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilariek ere alaitu dute plaza ingurua.
Sariei dagokienez, asto helduen mailan, ar dotoreena Lazkaoko Ioritz Garmendiaren ‘Leontzio’ izendatu dute, eta eme ederrena Julen Orbegozo azpeitiarraren ‘Maritxu’. 300na euro, zintzarri bana eta Biona baserriko barazki saskikada bana jaso dute saritan.
Asto gazteen artean –kalifikazioa lortu berriak tartean–, onenak Ioritz Garmendia lazkaotarraren ‘Katalina’ emea eta Asier Mendizabal asteasuarraren ‘Antton’ arra apartatu dituzte. Zintzarri bana oparitu zien Antsoategi elkarte antolatzaileak abere haiei.
Sariak ematen Gipuzkoako Foru Aldundiko Abeltzaintza zerbitzuordeko Mikel Azpiri, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkatea, Joxemai Ormazabal Lazkaoko zinegotzia, Biona etxeko Pakea Garmendia eta mojen komentuko Elvia lekaimena aritu ziren.
Kale antzezpenaren buelta
Eguraldi euritsuak narrastu bazuen ere, Egiptorako ihesa kale antzezpenaren itzulera izan da aurtengo Astotxoko albisteetako bat. Zawopi taldeak ohiko antzerkia egin du, Zelaia eta eliza aurreko plazatxoa duela bi mila urteko Judearen eta Jesusen jaiotzaren antzera apainduta. Ehundik gora lagunek parte hartu zuten: herritarrak azokan eta salmentan, Herodesen jauregiko zaindariak eta gobernatzailea, Herodes eta bere segizioko soldadu, morroi, esklabu eta jarraitzaileak…
Ordubata jo orduko, plazako asto erakusketa eta sariketatik Zelaira aldatu zen Astotxoko ikuskizuna. Antzeztoki zabala hesituta jarri zuten antzezpenerako, eta inguru guztian, aterkien babespean, jarraitu zuten ikusleek. Aktore guztiek taldeko argazkiak ateraz amaitu zuten ikuskizuna.
Mojen komentuan, bestetik, Astotxo festaren ernemuina den jaiotza jarri zuten, tamaina handiko irudiekin. Obleak edo olatak ere saldu zituzten.
Argazki bilduma (argazkilaria: Aimar Maiz Morea)