Bederatzi lan eta hamalau partaide Legazpiko parrokiko 25. jaiotza lehiaketan
Jaiotzak ikusgai egon dira elizan asteburuan, eta Errege Egunean diploma bana eman zieten parte hartu zuten taldeei. Pelikulen tituluak jarri dizkiete lanei.
Legazpiko parrokiko jaiotza lehiaketak goi-goitik ospatu du bere 25. edizioa, bederatzi lan eta hamalau partaide izan dituelako. Jaiotzak ikusgai egon dira elizan asteburuan, eta larunbatean, Errege Egunean, diplomak eman zizkieten parte hartu zuten talde guztiei.
Partaideak 5 eta 12 urteko haurrak izan dira, eta anai-arreba zaharrenen, lehengusuen eta gurasoen laguntza izan dute lanak egiterakoan. Andoni eta Imanol Martinez izan dira partaideetako bi, eta bakoitzak lan bana aurkeztu du. Alaitz Agirrek, berriz, Iker eta Xabi Gonzalez lehengusuekin batera parte hartu du. Irati, Xabier eta Andoni Escobar anai-arrebek ere parte hartu dute; baita Nora eta Sara Escudero ahizpek, Eider Kortabarriak eta Ibai eta Ander Txintxurreta anaiek ere, azken horiek jaiotza banarekin. Horiek guztiak aurreko urteetako edizioetan ere parte hartu dute, Laia Lujan, aldiz, aurten estreinatu da lehiaketan.
Antolatzaileek partaidetzari ematen diote garrantzia, eta jaiotzak egiteko ohitura bultzatu nahi dute. Aurtengo edizioan zinemaren munduarekin lotu dute lehiaketa, eta aurkeztu den lan bakoitzari pelikula batekin zerikusia duen titulua jarri diote, baina latinez. Hauek izan dira aurkeztutako lanak: Missio jaiotza, edo mundu berrien bila; Occulta spelunca, edo ezkututako kobazuloa; Flavo Nativitate eta Eguberri horiak: Columnarum jaiotza, edo zutabeen arteko jaiotza; Ova mysterium, eta arrautzen misterioa; misterioa; Iesum in papyro, eta Jesus paperean: Nativitas rubrum, edo Eguberri gorriak; Argentum jaiotza edo zilarrezko jaiotza; eta Viridis Navitatis, eta Eguberri berdeak.
Aurten, diplomez gain, opari bat zozkatu da partaideen artean, lehiaketaren 25. urteurrena ospatzeko. Nerea Pan Jaunarenak eskuz egindako jaiotza bat izan da oparia, eta Imanol Martinezek irabazi du.