Arri BKL Pagoetak Euskal Ligarako igoera lortu du
Arri BKL Pagoetak Euskal Ligarako igoera lortu du. Gaur arratsaldean jokatu dute finala Arri BKL Pagoetak eta Saski Axularrek eta 56-49 gailendu da talde beasaindarra.
Arratsalde zaratatsua izan dute Antzizar Kiroldegian. Bi final izan dituzte gaurkoan. Lehenbizi junior mutilek jokatu dute eta Euskal Ligara pasatzeko txartela galduta, nesken txanda iritsi da. Arri BKL Pagoeta taldeko kadete neskek Saski Axular taldearen aurka neurtu dituzte indarrak gaurkoan, Euskal Ligara pasatzeko aukera jokatuko dute hauek ere.
Lehenengo laurdena nahiko berdindua egon da eta 11-15eko markagailuarekin amaitu da. Hirukoen erakustaldia egin dute bi taldeetako jokalariek puntu horiek lortzera bidean. Intentsitate handiz jokatu dute bi taldeek, izan defentsan zein erasoan.
Bigarren laurdenean, etxeko taldea jokoan nabarmendu egin da aurkariaren aldean eta markagailuan aurrea hartzea lortu dute, atsedenera 22-19 markagailuarekin iritsiz. Orokorrean, bi taldeek asko huts egin dute lehen zati osoan saskiratzeei dagokienean.
Bigarren zatiaren hasieran etxeko taldeak markagailuan aurrea hartu du, baina berdindu eta 2 puntugatik pasa dituzte Axularrekoek, 33-35 markagailuan dutela iritsiz azken laurdenera. Tentsioa nabarmena izan da partidako puntu honetatik aurrera eta harmailetako animoek ere gora egin dute.
Azkenean, bigarren zati amaierako tentsio handiaren ondoren eta hiruko ugari sartu ostean diferentzia irabaziz, 56-49 gailendu da BKL. Emozio handiz bizi izan dute momentua eta zaleekin ospatu dute igoera partidaren amaieran, zelai erdian zirkuluan jauzika.














