EH Bilduk mozio bat erregistratu du udaletan Urola Garaia mankomunitateko eraketa batzarra deitzeko eskatuz
Mankomunitatea "lehenbailehen" eratzeko eskatu dute batzarra egiteko. Jarduneko lehendakaria den Jon Luquiri batzar hori atzeratzeko arrazoiak azaltzeko ere eskatu diote.
EH Bilduk mozio bat erregistratu du udaletan Urola Garaia Mankomunitateko eraketa batzarra deitzeko eskatuz. Horra hor EH Bilduk komunikabideetara igorri duen prentsa oharra.
“Joan den maiatzaren 28an egindako hauteskundeak legegintzaldi berri baten hasiera dira toki eremuan, eta ondorioz, baita Urola Garaiko mankomunitatean ere. Ia 7 hilabete dira udal berriak eratu zirela, baina oraindik ez da Urola Garaiko mankomunitatea eratu.
Urola Garaiko mankomunitatearen estatutuek ezartzen dutenez, lehendakariari dagokio batzar orokorrerako deialdia egitea, kide anitzeko organoak (batzar orokorra eta batzorde eragilea) eta pertsona bakarreko organoak (lehendakaria eta lehendakari ordeak) eratu daitezen.
Baina, jarduneko lehendakariak, Jon Luquik, oraindik ez du Urola Garaia mankomunitateko batzar orokorra deitu. EH Bilduk, Urola Garaiko lehen indarra izanik, arduraz jokatu du eta irailean alderdi guztiekin bi bilera antolatu zituen eta azaroaren 29an, Urola Garaiko mankomunitateko jarduneko lehendakariari mankomunitateko batzarra lehenbailehen deitzeko eskatzen zuen gutuna helarazi zion.
Ez dugu erantzunik jaso eta batzarra ez deitzea estatutuen ez betetzea da, gainera udalkideak funtzioetan egonik ezin dira izaera organikoko erabakirik hartu eta horrek beste batzuen artean ondorio hauek ditu:
Batetik, Urola Garaiko mankomunitateko estatutuak eta lanpostuen zerrenda aldatzea beharrezkoa da emakumeen eta gizonen berdintasunerako diru laguntzak jasotzen jarraitu ahal izateko. Aldaketa hau ez bada lehenbailehen egiten 2023ko diru laguntza galduko da.
Bigarrenik, Urola Garaiko Mankomunitateko aurrekontuen lanketarik ez da egin, ondorioz, mankomunitateko parte diren bestelako erakundeetan eragina du, Uggasa eta UGLEn esaterako.
Hirugarrenik, Urola Garaiko mankomunitatea Uggasako bazkide bakarra da. Pasa den otsailetik ez da administrazio kontseilurik egin, ia urte bat, lehendakariak ez duelako deitu. Honi gehitu behar zaio mankomunitatea oraindik eratu ez denez, administrazio kontseilu berria ez dela izendatu. Uggasak hainbat proiektu ditu eskuartean, eskualdeko lehiakortasun planaren berrikuspena esaterako, eta bertan planteatzen diren erronka berriek lanpostuen zerrenda aldatzea dakarte.
Azkenik, Uggasako 2024ko aurrekontua eta 2023ko itxiera ere aztertzeko daude, baita ere, 2023ko gestio planaren jarraipena eta 2024ko gestio plana onartzea.
Zalantzarik gabe, guzti honek ondorio kaltegarriak ditu Ezkio, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako herritarrengan, UGLE eta Uggasa erakundeengan eta gure herrien etorkizunean. Horregatik, EH Bilduk mozio bat erregistratu du Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udaletan, Urola Garaiko mankomunitatea eratzeko batzar orokorra deitzea eskatuz, mankomunitatea lehenbailehen eratu dadin. Era berean, beharrezkoa da jarduneko lehendakaria den Jon Luquik mankomunitateko eraketa batzarra atzeratzearen arrazoiak azaltzea”.