Izadi Zaleak elkarteak Hartzaren Urratsa ibilbideko bigarren etapa egingo du
Eski irteera ere prestatu dute mendizaleek otsailaren 24rako eta 25erako. Mendiko federatu txartela jaso daiteke dagoeneko elkartean.
Igandean haurrekin Aizalekura eta Gaintxikira mendi irteera egin eta gero, Izadi Zaleak elkarteak prestatu ditu hurrengo bi hitzorduak. Lehena, hilaren 21ean izango da, igandean, eta Hartzaren Urratsa ibilbidearen bigarren etaparekin, Arrasatetik Leinz-Gatzaga artekoa. Otsailaren 24ako eta 25erako, berriz, eski irteera antolatu dute, Astunera.
Irteera batean edo bestean parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute elkartean, astearteetan eta ostegunetan, 18:30etik 19:30era.
Egun eta ordu beretan jaso ahal izango dira mendiko federatu txartel berriak.
Artzaren Urratsa
Igande honetan, Hartzaren Urratsa izenarekin ezagutzen den GR-289 ibilbidearen bigarren etapa egingo dute Legazpiko mendizaleek. Distantzia 19 kilometrokoa da eta desnibela mila metrokoa. Irteera 07:30ean izango da elkartetik, eta itzulera 15:00etan. Autobusaren prezioa 12 eurokoa da, eta 10 eurokoa Izadi Zaleak elkarteko bazkide eta laguntzaileentzat.
Lehen etapan Bergara eta Arrasate arteko tartea egin zuten, eta bigarrenean, Arrasatetik Leinz-Gatzagara joango dira, Aretxabaleta eta Eskoriatzako hainbat auzo zeharkatuta, “Urkuluko urtegia eta Aitzorrotzeko ermita barne hartzen dituen landa ingurune paregabean murgilduta”.
Fagor Industrialen aparkalekutik ekingo diote ibilbideari. “Ez ditugu Arrasateko kaleetatik 1,5 km egingo. Sentitzen dugu GR-289 integrala egin nahi duten puristengatik”. Hasieran, AP1 autobidearen azpitik igaroko dira, Bedoña auzorantz igota. Auzoa alde batera utziko dute gero, eta Larrinoa auzora jaitsiko dira Urkuluko urtegira iritsi aurretik. Ia kilometro eta erdi egingo dute gero urtegiaren mendebaldeko ertzean zehar.
Eskoriatza aldera jaitsiko dira ondoren, Areantza, Mendiola eta Lete auzoak zeharkatuz, eta hurrengo hiru kilometroetan, PR GI3001-etik igoko dira Aitzorrotzeko gailurreraino (736 metro), bideko puntu garaienera eta igoera etengabea eskatzen duena. Aitzorrotzen Gurutze Santuaren ermita eta antzinako gotorleku baten aztarnak egoteaz gain, “Debagoienaren panoramika ikusgarriez gozatuko dugu”.
Gatzagarako jaitsierari ekingo diote gero, eta Arlabango gainera doan errepidea zeharkatuko dute, Dorletako Ama Birjinaren Santutegira iristeko. Santutegia XIII. mendekoa da, baina gaur egungo itxura XVII. mendekoa da. Ibilbidearen azken metroetan, Leintz Gatzagako Gatzaren Museoaren paretik igaroko dira eta itzulerako autobusa hartu aurretik herri txiki hori bisitatzeko aukera izango dute.
GR-289ak bost etapa ditu, eta falta diren beste hirurak hurrengo denboraldian egingo dituzte.
Eski irteera
Aurtengo eski irteera ere prestatu dute Izadi Zaleak elkarteko kideek. Otsailaren 24ko eta 25eko asteburuan egingo dute, Astunera.
Pistetan eskiatzeko aukera izango da, eta elur erraketekin eta zeharkaldiko eskiekin ibiltzeko ere bai. Interatusei izena lehen bailehen emateko eskatzen diete antolatzaileek.
Federatu txartela
Aurtengo federatu txartelak ere prest daude, eta dagoeneko elkartetik pasatu daiteke jasotzera. “Oso pozik gaude izandako harrerarekin, jende asko federatu da”.
Hala ere, elkarteko arduradunek gogorarazi nahi dute urteko edozein unetan federatu daitekeela, eta mendian izan daitezken ezbeharren aurrean “garrantzitsua” dela federatuta egotea.