Maider Ginea eta Baladi Goiburu, bi goierritar Sukaldarien Ligan
Bihar estreinatuko du lehiaketa ETB-1 telebista kateak. Zumarragan bizi den ordiziarra da Ginea, eta Goiburu legazpiarra da. Lehiaketak 50 partaide ditu guztira, eta Euskal Herriko sukaldaririk onenaren titulua eta 25.000 euroko saria ditu jokoan.
Bi goierritar arituko dira lehian bihar ETB1ek estreinatuko duten Sukaldarien liga saio berrian. Legazpiko Baladi Goiburu eta Zumarragan bizi den Maider Ginea lehiaketa horretan parte hartuko duten 50 sukaldari profesionalen eta amateurren artean daude. Euskal Herriko sukaldaririk onenaren titulua eta 25.000 euroko saria dute jokoan.
Baladi Goiburu legazpiarrak 31 urte ditu, eta bere aurkezpen fitxan jasotzen denez, “sukaldaritzaren bidez bizitzari zentzu bat” topatu zion. Martin Berasategirekin egin zuen lan, eta Bilboko Bistro Salitre jatetxean ere aritu da sukaldari buru orain dela gutxira arte.
Maider Gineak 46 urte ditu eta Zumarragan bizi da. Ostalaria da, eta etxekoentzako asko kozinatzen du. Baserria reality-an ere parte hartu zuen, eta esperientzia hari esker bere buruarengan konfiantza irabazi zuela dio.
Talent show gastronomikoa
Talent show gastronomiko gisa aurkeztu duten Sukaldarien liga saioa Ainhoa Etxeberriak gidatuko du, eta epaileak gastronomiarekin lotutako izen handiko hiru pertsona izango dira: Javi Rivero 2023ko sukaldari berririk onena eta Tolosako Ama jatetxearen jabe eta sukaldarietako bat; Maider Larrañaga, Arrasateko Arteaga jatetxearen jabea eta sommelierra; eta Aitzol Zugasti, Basque Culinary Centerreko formatzailea eta AZ-ko aholkulari gastronomikoa. Euskal Herriko sukaldari onenaren titulua eta daude lehian.
Bihar emango dute lehen saioa, 22:15ean., eta Bermeoko antxoa eta Idiazabalgo gazta izango dira protagonista bertan. Horrez gain, Hilario Arbelaitzek proposatutako errezeta bat kozinatu beharko dute partaideek azken proban, eta sukaldari ezaguna saioko platoan izango da.