Beroa eta ohi baino euri gutxiago, iazko meteorologia markak Legazpin
Urtarrila izan zen hilabeterik hotzena, eta abuztua beroena. Urte osoan 1.317,70 litro neurtu ziren prezipitazioen atalean. Goierriko urtegiak beteta daude orain.
Legazpiko Udalak kaleratu du aurten ere aurreko urtearen balantze meteorologikoa. 2023a tenperatura altukoa izan da eta ohi baino euri gutxiagokoa, 2022koak baino ugariagoak izan badira ere prezipitazioak. Elurra ere egin zuen iaz, baina zortzi egunetan bakarrik.
Alonso Frances udal aparejadorea arduratzen da 1993tik Legazpiko datu horiek Goenagako estazioan egunero biltzeaz, eta Aemet estatuko meteorologia agentziara helarazteaz. Urtero txosten bat ere egiten du.
Tenperaturek, gora
Iazko urtea aurrekoa baino freskoagoa izan zen Legazpin, baina altua hala ere. Batez besteko tenperatura 13,74gradukoa izan zen, eta 2022an 14,04 gradukoa. Herri honetan 1957an hasi ziren tenperaturak jasotzen eta ordutik erregistratu den bosgarren batez besteko tenperatura altuena izan da iazkoa: 1961ekoa izan da orain arteko altuena 14,39 gradurekin eta iazkoa, hirugarren altuena, 14,04 gradurekin.
Urteko egunik beroena abuztuaren 20a izan zen, 40 gradurekin, eta tenperatura baxuena urtarrilaren 20koa, -3 gradu. Bestetik, abuztua izan zen hilabeterik epelena, batez besteko 20,31 gradurekin, eta urtarrila hotzena, batez besteko 5,48 gradurekin.
Urte hauetako guztietako maximoa, berriz, 1968ko ekainaren 30eko 43 gradukoa izan zen. Termometroaren beste muturrari begiratuta, minimoa 1985eko urtarrilaren 6an erregistratu zen, -15 gradurekin.
Iaz baino euri gehiago
Euriari dagokionez, igo egin ziren prezipitazioak 2022arekin alderatua. Orduan 974,80 litro besterik ez ziren jaso, eta iaz, 1.317 litro, azken urteetako 1.533,90 litroko batez bestekoarekin azpitik, beraz.
Gainerako fenomeno meteorologikoen atalean, elurra aipatu behar da, zortzi egunez egin zuelako bakarrik, eta bost egunetan zuritu zuelako Goenaga ingurua.
Goierriko urtegiak
Prezipitazioekin lotuta dago urtegien egoera. Barrendiola beteta dago, eta atzo bertan gainezka egiten zuen. Goierriko beste bi urtegiak ere antzera daude: Arriarangoa %98,34an dago, eta Lareokoa baxuago, %78,26an.