San Ignazio auzoko txakurrentzako parkea hobetzeko lanak egingo ditu Legazpiko Udalak
Gunea hesiekin inguratuko dute eta agility edo kirol zirkuitu bat jarriko dute bertan. Lanek 15.157,84 euroko aurrekontua dute.
Legazpiko Udalak hainbat hobekuntza egingo ditu egun hauetan zehar San Ignazio auzoko txakurrentzako parkean. Besteak beste, gunea hesiz inguratuko du, txakurrak inguruko eraikinetara hurbildu ez daitezen eta aske jolas daitezen, eta agility zirkuitu bat jarriko du bertan.
Agility zirkuitua kirol zirkuitu bat da, zubiak, tunelak, salto egiteko oztopoak eta beste elementu batzuekin osatutakoa. Txakurren osasun fisikoa eta mentala hobetzeko balio dutela dio udalak
Lanak gaur bertan hasi dituzte Antio Eraikuntzak enpresako langileek, eta zazpi-hamar eguneko iraupena izango dute. Aurrekontua 15.157,84 eurokoa da.
Legazpin badaude txakurrentzako parke gehiago, baina San Ignaziokoa da gehien erabiltzen dena, eta horregatik aukeratu du udalak hobekuntza lan horiek egiteko. Urtean zehar beste hobekuntza lan batzuk egingo ditu auzoan.