Valentziako borroka ekologista baten aldeko ekimenak antolatu dituzte Zaldibian
Forn de Barracako auzipetuei laguntzeko eta isunak ordaintzeko ekimena bultzatu du Xirika elkarteak. Dokumentala emango dute gaur, eta valentziar produktuen saski bat zozkatuko dute bihar.
Zaldibiako Xirika elkarteak bat egin du Valentziako Forn de Barracako borroka ekologistan auzipetuta daudenekin. Nekazaritza lurrak hartuko lituzkeen autobide bat handitzearen aurka 2019an protestak egiteagatik, lau lagun 5.000 eurotik gorako isunak ordainaraztera zigortu dituzte. Auzipetuetako bat Zaldibian bizi den Santi Gassó da. Haiekiko elkartasunez, eta laguntza ekonomikoa biltzeko helburuz, bi ekimen antolatu dituzte.
Batetik, auziari buruzko Per molt que bufe el vent dokumentala emango dute. Gaur, osteguna, Joxepane ostatuaren goiko solairuan izango da emanaldia, 19:00etan. Bestetik, Valentziako ortuetako produktuekin betetako saski baten zozketa egingo dute bihar, ostirala.
2019ko protestetan, hainbat lagun hamar egunez etxalde historiko batean sartuta egon ziren, Valentzia hiriko iparraldeko sarrera-autobidea handitzearen aurka. 60.000 metro koadro baratze-lur galduko ziren, eta klima-krisiaren larrialdian “erabat desegokitzat” jo zuten proiektua. Autobide hura ez zela beharrezkoa eta subirautza politikoaren aurkakoa zela –Madrilen erabaki zen– ere ebatzi zuten. Guardia Zibilak etxaldean zeuden hainbat lagun atxilotu zituen, bertara sartuta, eta erresistentziagatik eta desobedientziagatik inputatu zituzten.