Goierri garaiko turismo eskaintza Fiturren dago
Txillidaren jaiotzaren mendeurreneko ekitaldiak eta Zumarraga Bide Bizia eskaintza aurkeztu dituzte bertan.
Goierri garaiko herriek lekua dute aurten ere Madrilen hilaren 24tik 28ra bitartean egiten ari diren Fitur nazioarteko turismo azokan. Sektore turistikoko profesionalentzako topaketa garrantzitsuenetako hau lau herrietako aberastasun turistikoen erakusleiho bihurtu da beste urte batez. Urola Garaia Turismoak kudeatzen duen Goierri garaiko eskaintza Montes y valles vascos izeneko standaren barruan promozionatu da.
Edizio honetan bi ekimen berri aurkeztu dira, Txillida 100 urte eta Zumarraga Bide Bizia.
Txillida 100 urte eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko urte osorako antolatu den ekitaldi egitarau oparoa da, eta Legazpiraino iritsiko da, besteak beste bertako Patrizio Etxeberriaren lantegiko forjan hainbat lan egin zituelako. Gainera, Legazpin Txillida Lantokia dago.
Bestalde, Zumarragako Udalak marka turistiko berria aurkeztu zuen, liburuxka erakargarri batekin batera, Zumarraga Bide Bizia, hain zuzen. Bertan hiru ibilbide proposatzen dira, hiri, industria, eta natur ibilbideak. Zumarragako beste baliabide batzuk ere jasotzen ditu, hala nola Antioko baseliza eta larunbatetako azoka. Liburuxka hori eskuragarri dago Fiturreko standean, Goierriko garaiko beste baliabide turistikoenekin batera.
Fiturren egoteak, Goierri garaiko herriak indartu egiten ditu destino turistiko gisa.