Palestinaren aldeko yoga saio solidarioa egingo dute Legazpin
Ekinhaz zentroan izango da, otsailaren 2an, eta Ainara Casado yoga irakasleak gidatuko du. Dirua biltzea da helburua, baita diziplina hori ezagutzera ematea ere. Parte hartzeko izena eman behar da.
Ainara Casado legazpiarrak eta Ekinhaz osasun eta errendimendu zentroak Palestinako kaltetuen aldeko yoga saio solidarioa egingo dute datorren ostiralean, otsailak 2, 18:00etatik 19:30era. Ekinhaz zentroak Bikuña-enea plazan duen lokalean izango da saioa, eta bertan jasoko duten dirua Nazio Batuetako UNRWA erakunderako izango da.
Dirua biltzeaz gain, Casadok yoga ezagutaraztea eman nahi du, hatha tradizionalean oinarritutakoa. Besteak beste, asanak, pranayamak eta meditazioa landuko ditu, eta hasi berrientzat edo yoga praktikatzen hasi nahi dutenentzat ere egokia izango da.
Izena eman behar da 623 39 07 97 telefono zenbakian, bertara deituta edo whats-app mezu bat bidalita.