35 pilotari gazte eskola adineko neska pilotarien topaketan
Beasaingo Antzizar Kiroldegian eskola adineko neska pilotarien eskuzko laugarren topaketak egin dituzte, benjamin, alebin eta infantil mailan. Guztira 35 bat pilotari gazte elkartu dira, ikasteko prest.
Gipuzkoako eskola adineko neska pilotarien eskuzko laugarren topaketak egin dira gaurkoan Beasaingo Antzizar Kiroldegian. Billabonatik, Zaldibiatik eta Donostiatik pasa ondoren, laugarren topaketak Beasainen egin dituzte, hiru hilabetean bigarrena Goierrin. Gipuzkoako txoko desberdinetako jendea izan da parte-hartzaileen artean, adibidez, Zestoa, Oñati, Orereta, Bergara, Tolosa, Usurbil edota herrian bertakoak, beste hainbaten artean. Guztira, 35 pilotari gazte inguru elkartu dira.
Egunari hasiera 9:45etan eman diote, parte-hartzeko ibilbideko alebinek eta infantilek eman diote hasiera, hain zuzen ere. Lehenengo txanda honetan 17 pilotarik hartu dute parte. Ondoren, goizeko 11:00etatik 12etara, parte-hartzeko benjaminen txanda izan da eta amaitzeko, errendimenduko infantilen saioa izan dute, 12:00etatik 13:30etara.
Goiz osoan zehar esku pilota aitzakia izanik, asko ikasteko aukera izan dute parte-hartzaileek jolas, dinamika eta partida laburren bitartez.