Ohiko Junetorri autobusa itzuli da Legazpiko kaleetara
Matxuratuta egon den bitartean beste autobus batek egin du garraio zerbitzua. Ordezko autobusak ofizialak baino prestazio gutxiago ditu, eta horrek sortu dituen eragozpenak barkatzeko eskatu die udalak herritarrei.
Junetorri autobus ofiziala itzuli da Legazpiko kaleetara eta auzoetara, abiadura kaxan zuen arazoa konpondu eta gero. Matxuratuta egon den bitartean, ordezko autobus bat ibili da garraio zerbitzua eskaintzen, baina horrek prestazio gutxiago dituenez, hainbat eragozpen sortu dizkie erabiltzaileei. Udalak barkamena eskatu die, eta horren inguruan sortu diren kexen aurrean, zerbitzua hobetzeko lanean jarraitzen duela ere adierazi du.
Hain zuzen, “jarraipen estua” egiten die sortzen diren “gorabeherei eta okupazio mailari”, eta “etengabeko azterketa egiten du ordutegiak optimizatzeko eta egon daitezkeen hobekuntzak aztertzeko”. Horrela, abuztuan zerbitzu egunak luzatzeko lanean ari da, besteak beste..
Udalak, bestalde, nabarmendu du Legazpi dela 10.000 biztanletik beherako Gipuzkoako herri bakarra, udalerri osorako garraio zerbitzu erregularra eskaintzen duena. Gipuzkoan, hiriburuaz gain, Irun (62.920 biztanle), Errenteria (39.231), Eibar (27.234), Zarautz (23.152), Hernani (20.527), Lasarte-Oria (19.133), Bergara (14.487), Azkoitia (11.636), Oñati (11.567) eta Oiartzun (10.331) dira autobus zerbitzu propioa duten bakarrak.
Amaitzeko, “mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu argia” egin duela azpimarratu du, eta “horrela geratu da jasota 2024rako Junetorri zerbitzura bideratutako 200.000 euroko aurrekontuarekin”. Etorkizunari begira mantendu egingo den apustua dela dio.