Goierriko irakurle taldeek Mariasun Landa omenduko dute ekainean
Irakurleen 6. topaketa ekainaren 8an egingo dute, Gabirian. 'Krokodiloa ohe azpian' liburua irakurriko dute guztiek, ordurako.
Goierriko irakurle taldeen topaketan Mariasun Landa idazlea (Errenteria, Gipuzkoa, 1949) izango da aurten gonbidatua eta omendua. Txandakako errondan, Gabiriako taldeari egokitu zaio aurtengo juntadizoa antolatzea, eta jakinarazi dituzte eguna, omendua eta irakurgaia.
Ekainaren 8an, larunbatarekin, Gabirian egingo dute Goierriko Irakurle Taldeen 6. Topaketa, 17:00etatik 19:00etara. Mariasun Landa gonbidatuko dute, eta irakurleen omenaldia ere jasoko du.
Egun horretan, Landaren liburu baten inguruan solastuko dira. Hark gomendatutako bere liburu bat proposatu diete Goierriko gainerako taldeei, egun horretarako irakurtzeko: Krokodiloa ohe azpian.
Saritutako lan bat
Haur literaturan batez ere, emaitza oparoa du Landak. Krokodiloa ohe azpian lanarekin, 2003an Espainiako Saria irabazi zuen. Bi argitalpen daude, Alberdaniaren 2002koa, eta Ereinen 2015ekoa (egilearen testu gehigarri batekin).