Basoaren kudeaketa landu dute ikasleek Zuhaitz Egunean
Asteazkenean eta ostegunean ospatu zuten Urdanetako eta Jakintzako ikasleek Zuhaitz Eguna. Aurtengo gai nagusia basoen biziberritzea eta mantentzea izan da.
Basoaren kudeaketa landu zuten Ordiziako ikasleek Zuhaitz Egunean, joan den astean. Asteazkenean eta ostegunean ospatu zuten Urdaneta ikastetxeko eta Jakintza Ikastolako ikasleek eguna. Oiangura igo ziren eta Aranzadiko kideekin batera basoen kudeaketaren inguruko lanketa egin zuten.
Aurtengo gai nagusia basoen biziberritzea eta mantentzea izan da. Urtero hainbat arbola landatzen dituzte egunaren bueltan, baina aurten ez dute zuhaitzik landatu. Horren ordez, dagoeneko landatuta dagoenaren inguruko informazioa jaso zuten ikasleek, eta hori babesteko jarduerak egin zituzten. Itxitura batzuk jarri zituzten Oiangun, bertako haritza babesteko asmoz.
Horrez gain, adituen eskutik, parkean egin diren esku-hartzeen berri izan zuten ikasleek, esate baterako, zuhaitzen adar eroriak baratzeetarako erabili daitezkeela, adar handiagoak eremu egituratzaileak egiteko baliagarriak direla, edo enbor hilak intsektuentzako espazioak bihurtzen dituztela.