Euritearen ondorioak Goierrin
Oria ibaiak gainezka egin du Ordizian Tximistako pasabidean. Ataunen ere Agauntza erreka ibilgutik irten da. Beasaingo Udalak gomendatu du Ezkiaga etorbidean dauden garajeetatik ibilgailuak ateratzeko.
Azken orduetan euria barra-barra bota du ia etenik gabe eta erreka eta ibaiek nabarmen egin dute gora. Ordizian, Oria ibaiak gainezka egin du Tximistako pasabidean.
Beasainen ere Oria ibaia gainezka egiteko arriskuan dago. Gainera, Arriaran urtegia husten hasi dira, eta horrek ibaia gehiago haztea ekarri du. Beasaingo Udalak gomendatu du, Ezkiaga etorbidean dauden garajeetatik ibilgailuak ateratzeko. Momentuz, Igartza monumentu multzoaren inguruan egin du gainezka ibaiak. Bernedoeneako aparkalekura pasoan ere, oso hazita doa ibaia, baina momentuz ez du gainezka egin. Gainera, astearteroko azokari ere eragin dio euriak. Erauskin plazan jarri ohi dituzten posturik ez dago gaur.
Ataunen ere arazoak sortu ditu euriak. Udalak jakinarazi du, Agauntza errekak gainezka egin duela zenbait lekutan. Eskatu dute, ez ibiltzeko Kaxio bidean eta ez hurbiltzeko erreka ertzera, arriskua dagoelako.
Zegaman, Otzaurtera bidean, luizia izan da eta errepidea itxita dago.
Abisu laranja euriagatik
Euskalmetek euriagatik abisu laranja aktibatu du. Asteartean prezipitazio iraunkorrak jarraituko du Goizean eguraldiak ia ez du aldaketarik izango, bazter guztietan egingo du euria eta ipar-mendebaldeko haize parrastatsua izango da. Elur-kota 1000 metro inguruan egongo da orokorrean, nahiz eta uneren batean eta lekuren batean apur bat beherago jaitsi. Arratsaldeak aurrera egin ahala, atertzera egingo du, mendebaldetik hasi eta ekialdera. Tenperatura maximoak apur bat jaitsi daitezke.