Iparra-Hegoako «momentu ederrenak kantuz bizi» izan dituzte
Kantua ardatz hartuta ospatuko dute 27. Iparra-Hegoa. Atzo hasita igandera arte luzatuko da kultur astea. Gaur, ‘Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko’ hitzaldia.

Martxan da Iparra-Hegoa kultura astea Seguran. Atzo hasita, datorren igandera arte egitarau oparoa antolatu dute. 27. aldia da aurtengoa, Kantoietatik Kantaurira kantua ari du lelopean gauzatuko dutena. Peio Aranzabal, Iparra-Hegoako antolatzaileetako batek adierazi duenez, «kantutik sortu zen Iparra-Hegoa, kantuak batu zituen urruñarrak eta segurarrak Baztanen (Nafarroa). Ez dakit 27 urte hauetan nola ihes egin digun kantuari eskaintzea Iparra-Hegoa bat».
Kantua Iparra-Hegoaren «zutabe» izan da sorreratik. «Belaunaldi ezberdinetako pertsonak gure kantak elkarrekin abesten dituztenean izan ohi da Iparra-Hegoako une hunkigarrienetako bat», aitortu du Aranzabalek. Iparra-Hegoari eta kantuari erreferentzia eginda, ezin aipatu gabe utzi Kuxkuxtu txaranga. Aurten 40 urte bete ditu eta Iparra-Hegoari egindako ekarpenaz gainera, azpimarratzekoa da Aranzabalen hitzetan, «jendea kantuan jartzeko urte guzti hauetan egin duen lana».
Guztiarekin, kantuak herri kohesioan, transmisioan edo kulturgintzan, besteak beste, duen eragina aztertuko dute aurten. «Askotan kantatzen dugu, eta askotan hunkitzen gara kantuarekin. Horri forma eman eta kantuak herri honi zer suposatzen dion ikusarazi nahi diogu jendeari. Kantua herri guztietan da garrantzitsua, baina estaturik gabeko herria izanik, gurean indar berezia duela uste dut», azpimarratu du Aranzabalek.
Bi hitzaldi, bi ikuspuntu
Aurten antolatu dituzten hitzaldiak, hain zuzen, kantuaren bueltakoak izango dira. Kantuan adituak diren pertsonak gonbidatu dituzte Segurara, egiten duen ekarpenari buruz hitz egiteko. Atzo arratsaldean izan zen lehendabizikoa, Kantua herri kohesiorako eta herri erresistentziarako izenburupean. Jon Maia, Beñat Sarasola, Joanes Borda, Eneko Labeguerie (Guk taldea) eta Marina Landa izan ziren gonbidatuak.
Kantua herri erresistentziarako izpiritu bezala aztertu zuten. «Herri honetan badago erresistentzia bat inbaditzen gaituzten kulturei aurre egiten diena eta hori, besteak beste, kantuaren bitartez transmititzen zaio herriari», azaldu du atzokoari buruz Aranzabalek.
Gaur izango da bigarren hitzaldia, Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko izenburupean, 19:00etan, kultur etxean; Karine Etxeberri (Xendarineko ahizpak), Olaia Inziarte, Lide Hernando eta Joseba Tapiaren eskutik. «Gaurkoan kantuak, belaunaldiz belaunaldi kultura edo herri gogoa iraunarazteko bitarteko bezala, transmisiorako duen gaitasunaz arituko dira».
Ohi bezala asteburuan egokitu dira ekintza jendetsuenak, baina ostiralera bitartean dantzaz, musikaz, euskal kulturaz edo gastronomiaz gozatzeko aukerarik ez da faltako. Igandean, Gereziondoko ekitaldia eta bazkariaren ondotik, amaituko da, kantuan nola ez, Iparra-Hegoa hurrengo urtera arte.
Orain zazpi urtetik Iparra-Hegoaren ikur bihurtu dira baita ere, Urruñako ikastolako eta Baionako Etxepare Lizeoko ikasleekin Seguran egin ohi dituzten topaketak.
Peio Aranzabal Etxepareko Lizeoko irakaslea ere bada eta beretzat «ezinbesteko» bihurtu dira topaketak. «Euskara minorizatu, zapaldu eta ez ofiziala den eremu batean gaudela kontutan hartuta, Segurara etorri eta euskaraz bizi den herri bat deskubritzea oso aberasgarria da gure ikasleentzat», dio. Era berean, Goierri eta iparraldeko gazteak «gerturatzeko» ere oso baliagarria dela deritzo.
Bi hilabete daramate Lizeoan ostiral honetan Seguran aurkeztuko duten ikuskaria prestatzen. «Emaitzak oso argiak dira. Egiten duten lanketarekin eta Seguran pasatako egunekin barruan euskal sentimendu batekin itzultzen dira ikasleak eta horrek, adibidez, euskaraz gehiago egitera bultzatzen ditu. Zozokeri bat emnan dezake, baina topaketa hauen atzean sortzen dena oso handia da», dio.
Bi eguneko egonaldiaren ondotik, gaur itzuliko dira Urruñako ikastolakoak etxera. Ostegunean Etxepare Lizeokoen txanda izango da, eta ostiralera arte egongo dira Seguran.