«Autodidakta naiz erabat, ikasten jarraitzen dut, bidea bukaezina baita»
Inguruko paisaiak eraman ditu margolanetara Aretxabaletan bizi den garindarrak. Martxoaren 24ra arte dago ikusgai erakusketa. Bihar, larunbata, bisita gidatua egingo dute 12:00etatik 13:00etara.
Igartzako Burdinolako espazioan duzu jarrita zure margolanekin osatutako erakusketa. Zer ikus daiteke bertan?
Naturak asko erakartzen nau. Zortez, naturaz inguratuta bizi naiz, eta koadro gehienak dira arbolak, errekak, mendiak… Hori da gustatzen zaidan gaia.
Tokian bertan margotzen dituzu?
Gustukoen dudana da margotu nahi dudan paisaiaren aurrean jarri eta hantxe pintatzea. Baina zaila da, batez ere, erakusketa honetan aurki daitezkeen tamaina handiko koadroen kasuan. Normalean ez ditut horren handiak egiten, baina gogoa nuen bi metroko lientzoekin lan egiteko. Beraz, ideiak buruan eta apunteak hartzeko koadernotxoan gordetzen ditut. Mendira joaten naizen oro, koadernotxoa eta lapitzak eramaten ditut gainean. Saiatzen naiz, momentuan, informazioa ahalik eta zehatzena jasotzen duen bozetoa egiten.
Erakusketan ikus daitezkeen tokiak beraz, errealak dira.
Bai, bai errealak dira. Urbia, Irunberriko arroila, Aizkorri inguruko udazkeneko basoak, Aretxebaletan dagoen Kurutzeberri azpian dagoen leku bat, Kurutzeberri mendia, Pirinioak, Urkulu, Garin aldeko txokoak, Degurixa, Larraitz aldeko paisaiak… Etxe ondokoak dira gehienak.
«Ofizioa bilakatzeko saiakerak ere egin ditut baina baserrian lan egiteak eta ama izateak asko lotu izan nau»
Udazkena eta negua irudikatu dituzu koadro guztietan. Urtaro horiek nahiago dituzu besteen ondoan?
Horrela ateratzen zait. Egia da bereziki erakartzen nauten urtaroak direla. Negua niretzako da magikoa, eta elurra egiten duen guztietan txoratu egiten naiz. Koadro asko ditut elurtutako paisaiena. Eta udazkenarekin berdina gertatzen zait. Udazkenak dituen koloreek ukitzen naute.
Teknikari buruz, olioa erabili duzu.
Olioa erabili ohi dut, hori dut gustukoen. Beste material batzuk garbiagoak dira agian, eta probatu ditut, baina pintura masarekin jolastea gustuko dut. Ipintzen duen erritmoa ere gustuko dut, eta gainera, lehortuta, gainetik pintatzea posible da.
Nola sartu zinen artearen munduan?
Afizioa da niretzako. Betidanik arreta ematen zidan. Txikitatik izan dut marrazteko sentsibilitatea. 20 urterekin- edo pintatu nuen oliozko lehenengo koadroa. Ofizioa bilakatzeko saiakerak ere egin ditut baina baserrian lan egiteak eta ama izateak asko lotu izan nau. Baina ahalegindu naiz beti, margotzeko denbora ateratzen.
Zure kasa ikasitakoa ala eskolaren batean ibilitakoa zara?
Arrasaten, pintura eskolan ibili nintzen urte gutxi batzuk, baina ibilbide gehiena nire kasa egin dut. Autodidakta naiz erabat, eta ikasten jarraitzen dut, eta bide bukaezina da.
Zure lana ere erakutsiko zenuen horren ibilbide luzea eginda…
Dozena bat erakusketa edo egingo nituen banaka. Zumarraga, Beasain, Aretxabaleta. Oñati, Iruñean jarri izan ditut erakusketak. Kolektiboan ere egin izan ditut batzuk-batzuk, azkena, Goierriko Artisten Topaketaren aitzakian.