Oin puntetan asteburua antolatu du Korosti dantza taldeak hilaren 20rako eta 21erako
Dantza eta musika ikuskizuna eskainiko dute dantzariek Iñaki Palacios & The Gaels taldearekin larunbatean. Igandean, zortzi dantza taldeetako dantzari txikiak elkartuko dira Legazpin.
Legazpiko Korosti dantzatTaldeak Oin Puntetan Asteburua antolatu du hilaren 20rako eta 21erako. Bi hitzordu prestatu ditu bi egun horietarako, eta dantza eta musika izango dira protagonistak
Oin Puntetan Asteburua larunbatean hasiko da, hilak 20, Korostiko dantzariek Iñaki Palacios & The Gaels taldearekin eskainiko duten ikuskizunarekin. Urbeltz pilotalekuan izango da, 19:00etan. Bertan, Iñaki Palacios txistulariak kaleratuta dituen hiru diskoetako abestiak entzuteko aukera izango da, Legazpiko dantzarien mugimenduaz lagunduta. Lurra, ardoa, dantza da diskoetako bat, eta ardoari eta Arabako Errioxako mahastiei eskainitako abestiak jasotzen ditu. Bigarren diskoa Harria da, eta bertan, euskal kulturan eta harria oinarrituta sortutako doinuak biltzen ditu. Azkenik, Baltik diskoarekin, Irlandara bidaiatzeko aukera izango da, bertako melodiak, tradizioak, pubak eta jendea ezagutzeko.
Ikuskizun honetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 euroan, eta Gurrutxaga, Urbeltz eta Kukue tabernetan, Laubideko estankoan, Oskarbi optikan eta WhatsApp bidez 688 85 26 24 telefonoan erosi daitezke.
Haurrak Oin Puntetan
Asteburua osatzeko, Haurrak Oin Puntetan ospatuko dute igandean, hilak 21,eta bertan Korosti taldeko eta beste zazpi dantza taldeko dantzari txikiek parte hartuko dute. Beasaingo Aurtzaka, Gasteizko Indarra, Urretxu-Zumarragako Irrintzi, Urretxuko Lurra, Iruñeko Oberena, Antzuolako Oinarin, eta Legazpiko Sustraiak izango dira Korostiren gonbidatuak. Musika jartzeaz, Goiz Deia txistukariak eta Iratzarri dultzaineroak arduratuko dira, dantza taldeko bakoitzeko musikariekin batera.
Dantza festa 11:00etan hasiko da Laubiden, dantzari guztien topaketarekin. Handik abiatuko dira gero 11:45ean, herriko auzo eta kaleetan zehar kalejira eta dantza egiteko,e ta 12:30ean amaituko dute goizeko saioa Euskal herria plazan, denak batera dantza emanaldi bat eskainiz.
Ondoren, haur, guraso, begirale, musikari eta dantzariek elkarrekin bazkalduko dute Azokan, eta arratsaldean, 16;30ean, dantzaldia izango da plazan, Aiko taldeak alaituta. Korosti dantza taldeak herritar guztiak Aiko taldeko maisuarekin batera dantza egitera animatu nahi ditu.