Sorgintxulok martxan jarri du aurtengo kanpaldia
Uztailaren 12tik 26ra egingo du, Soriako Talveila herrian (Espainia). Asteazkena da izena emateko egun bakarra.
Uda oraindik urruti badago ere, Legazpiko Sorgintxulo aisialdi taldea hasi da urteroko kanpaldia antolatzen, eta etzi, asteazkena, izendatu du izena emateko eguna. DBHko ikasleei zuzenduta dago, eta joan nahi dutenek 17:30etik 19:30era bakarrik izango dute izena emateko aukera, Sorgintxulok Itxaropen auzoan duen lokalean.
Gazteek izen-abizena, jaiotze data, ikasketa maila, helbidea eta gurasoen mugikorraren zenbakia eman beharko dute izena ematean, eta gainera, 60 euroko fidantza ordaindu izanaren agiria eraman beharko dute. Kanpaldiaren kostu osoa 300 eurokoa da, baina fidantza ordaintzea ezinbestekoa izango da. Zozketan plazarik gabe geratzen direnei itzuli egingo zaie diru hori.