Arrano Kulturak euskaldun izateaz hausnartzen hasiko du urteurrena
Idurre Eskisabel eta Edurne Azkaraterekin pote filosofikoa eginez ekingo dio bihar 40. urteurrena ospatzeko programazioari. Apirilaren 20an egun osoko festa batekin borobilduko dute lau hamarkadatako ibilia.
40 urteko hegaldia lemapean Beasaingo Arrano Kulturak 40. urteurrena ospatzeko ekintza sorta antolatu du apirilerako. Denetariko ekintzak izango dira, horietako lehena, bihar, asteazkena, izango da.
Zergatik eta zertarako euskaldun gaur? galderaren bueltan hausnartzen hasiko dute urteurreneko egitaraua, Agora elkartearekin elkarlanean, biharko antolatu duten pote filosofikoan. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusi beasaindarra eta Edurne Azkarate antzezlea izango dira gonbidatuak. Izenburuak iragartzen duen moduan, euskaldun izatea zer den gaur egun, zergatik eta zertarako euskaldun izan, beste hautu batzuekin nola lotzen den eta halakoen inguruan hausnartuko dute. Arrano tabernan izango da hitzordua, 19:00etatik 20:30era.
Datorren asterako, hitzaldi bat eta sukaldaritza tailerra antolatu dituzte: 40 urteko hegaldia…Nondik gatoz? izenburupean, Jone Goirizelaiak eta Tasio Erkiziak egingo dute hitzaldia, asteartean, hilak 16; Sukaldaritza tailerrerako berriz, Iker Markinez sukaldaria izango dute gidaritzapean, hilaren 17an. Izen ematea: arranokultura@gmail.com.
Hurrengo egunean, apirilak 18, pilota jaialdia izango da, Gernika pasealekuko frontoian. Apirilaren 19an, berriz, urteurrenaren inguruko horma-irudia margotuko dute, Bernedoenera bideko tunelean.
Apirilaren 20a, egun handia
Eta apirilaren 20a, data handia izango da Arrano Kulturako kideentzat. Egun osorako egitaraua antolatu dute. Herri kirol erronka jokatuko da goizean zehar, lazkaotarren, ordiziarren eta beasaindarren artean. Triki-poteoa egingo dute eguerdi partean, eta ondoren, herri bazkaria izango da. Bazkarirako tiketak salgai daude, Arrano, Irizar, Antzizar eta Basakana tabernetan, 20 euroan.
Eguna borobiltzeko, pilota eta pala partidak izango dira, Gernika pasealekuko pilotalekuan, arratsaldean.