Euskal Herriko Bollo topaketak aurkeztuko dituzte bihar Araman
Leitzan izango dira topaketak, apirilaren 26tik 28ra. Aurkezpenean pikoteoa, bertsoak, ilustrazioak eta musika izango dira, 18:30etik aurrera.
Euskal Herriko Bollo topaketak Leitzan izango dira apirilaren 26tik 28ra. Euskal Herriko bollera eta genero disidenteen topaleku izango da Leitza egun horietan. Topaketen berri emateko hainbat aurkezpen egiten ari dira apirilean zehar, eta bihar, Goierri mailako aurkezpena izango da, Aramako parkean, 18:30etik aurrera.
Eskualdeko eta inguruko heterodisidenteak deitu dituzte parte hartzera, topaketetan zein aurkezpenean.
Bertsoak, ilustrazioa, pikotea eta musika izango dira Aramako parkean bihar. Apirilaren 26tik 28rako, berriz, egitarau zabala osatu dute. Euskal Herriko leku ezberdinetako 300-500 lagun inguru biltzea espero dute. Antolakuntza lanak erraztu ahal izateko, ostiralerako (apirilak 12) izena emateko eskatu dute.
Hausnarketarako, festarako zein egunerokotasuneko galderak, kezkak eta desirak elkarbanatzeko espazioa izatea nahi dute, eta horretarako hitzaldiak, eztabaidak, mahai inguruak, tailerrak eta emanaldiak antolatu dituzte, transfeminismotik: “Zisheterosexualitatearen bazterretan kokatzen den disidentzia oro ongi etorri izango da”, azaldu dute sareetan.