Goierriko Pentsiodunek Gasteizera eramango dute 1.080 euroko gutxieneko ordainsariaren aldarrikapena
Apirilaren 18an, Eusko Legebiltzarreko parlamentariei eskatuko diete gutxieneko pentsioa kopuru horretaraino osatzea. Ostiralean Donostian aurkeztuko du EHPMk ekimena, baina udalei onartzeko aurkeztu dizkieten mozioen erantzunak ere.
Goierriko Pentsiodunak taldeko kideek Gasteizera eramango dute, apirilaren 18an, astero eskualdean egiten duten pentsio duinen aldeko aldarrikapena, EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren ekitaldi bateratuaren parte. Atzo Lazkaon burututako asteroko juntadizoan aurreratu zutenez, Eusko Legebiltzarreko parlamentariei eramango diete «miseriazko pentsioak» 1.080 euroraino osatzeko eskaera.
Pentsiodunek azaldu dutenez, EAEn 167.000 lagunek hileko pentsioa kopuru hori baino txikiagoa jasotzen dute. Goierritik Gasteizera joateko autobusak antolatu dituzte; goizean joan, eta eguerdirako itzuliko da (10 euro da bidaia). Izena emateko aukera Ordizian izango da, datorren asteleheneko elkarretaratzean.
Bestetik, Goierriko Pentsiodunak plataformak aurreratu du 1.080 mozioa Goierri beheko 17 udaletan aurkeztu dutela. «Onartu ez duten udal bakarrak Beasain, Ormaiztegi eta Lazkao izan dira», argitu dute. EHPMk, bere aldetik, ostiralean Donostian prentsaurrekoa emango du, 11:00etan Bulebarrean, gai hauei guztiei buruz. Goierriko pentsiodunei hara ere joateko deia egin die plataformak, trenean.