Hogeita hiru zuhaitz gehiago
Beasaingo Sagastiguti parkean egin dute landaketa. Udalerriko ikastetxeetako gaztetxoek parte hartu dute Udalaren deialdian.
Beasaingo Udalak deituta, Murumendi, Andramendi, Alkartasuna eta La Salle ikastetxeetako seigarren mailako ikasleak elkartu dira gaur goizean Sagastiguti parkean. Hogeitahiru zuhaitz gehiago landatzea zuten erronka, Sagastigutiko ur deposituaren azpian. Bertan landatzeko aukeratu duten espeziea urkia izan da.
Zerura begira abiatu dira landaketako partaideak, euri mehatxupean, lehenengo tantak erortzen hasiak direla abiatu dira elkargunetik bidean gora. Eremu hau ezagutzen ez dutenentzat, Beasaingo herriguneko arnasgunea da Sagastiguti parkea. Andre Maria Zeruratuaren parrokiatik gora dago. Herrigunean dagoen arren, naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du. 50 zuhaitz motatik gora aurki daitezke bertan: gorostiak, haritzak eta gaztainondoak, besteak beste.
Gainera, hainbat ibilbide atsegin egiteko aukera ematen du. Goiko aldean mahaiak, barbakoak eta iturriak daude. Familiartean zein lagunekin egun lasai batez gozatzeko leku ezin hobea da. Parkearen gainaldetik Goierriko eskualdearen panoramika ederrak ikus daitezke.
Sentsibilizazioa
Duela urte asko jarri zuen martxan Beasaingo udalak ekimen hau, 25 eta 30 urte bitarte izango dira. Urte horietan guztietan, udalerriko eremu desberdinetan egin dituzte landaketak, tokiko ikastetxeetako gaztetxoen laguntzarekin.
Leire Artola alkateak nabarmendu duenez, «ingurumenaren zaintzan gaztetxoak sentsibilizatzea, eta era berean, larrialdi klimatikoaren aurka ekitea dira zuhaitz landaketaren helburu nagusiak».