Maillot berdea jantzita amaitu du Itzulia Alex Aranburuk
Xabier Berasategi olaberritarrak lehen itzulia osatu du. Ion Izagirrek bederatzigarren bukatu du, eta Gorka Izagirre erretiratu egin da. Itzuliak Goierri zeharkatu zuen apirilaren 3an.
Lau goierritar lehiatu dira aurten Euskal Herriko Itzulian. Alex Aranburu (Movistar) ezkiotarra fin ibili da eta etaparik irabazi ez badu ere, erregulartasunaren saria eskuratu du sailkapen orokorrean. Ion Izagirre (Cofidis) ormaiztegiarrak lehenengo hamarren artean amaitu du, sailkapen orokorrean 9. postua lortuta. Gorka Izagirre (Cofidis) anaia erretiratu egin da. Amaitzeko, Xabier Berasategi olaberritarrak (Euskaltel-Euskadi) ere parte hartu du Itzulian. Maila honetako lehen lasterketa izan da olaberritarrarentzat eta sei etapak burututa, lasterketa osatzea lortu du.
Urtarrilaren 27an, Mallorcako (Espainia) Pollença Sarian lepauztaia apurtu ondoren, lehen lasterketa nagusia izan da Itzulia Aranbururentzat. «Nekatuta, baina pozik» zegoen ezkiotarra Eibarren, azken etaparen amaieran, «egun osoa sofritzen» pasa eta gero, zain zituen senitarteko eta lagunei helmugaratu eta lasterrera aitortu zienez.
Lesioagatik Itzulia zalantza askorekin hasi bazuen ere, fisikoki uste baino hobeto amaitu du lasterketa, sailkapen orokorrean maillot berdea –puntukako liderrarena– eskuratuta gainera.
Bigarren etapan 5. egin zuen, –Irun-Kanbo– eta hirugarrenean 3. –Ezpeleta-Altsasu–. Lasterketako egunik politenagatik galdetuta, «Altsasukoa» aipatu du ezkiotarrak. Izagirre anaiek ez dute nabarmentzeko lasterketarik egin aurtengo Itzulian. Paris-Niza Itzulitik lehiatu gabe zeuden biak ala biak eta beste urte batzuetan ez bezala, Itzulian ez dute nabarmentzeko posturik erdietsi. Ionek 9. amaitu du sailkapen orokorrean, eta Gorka, sailkapen orokorretik kanpo geratu da, bosgarren etapa amaitu gabe ondoren.
Berasategiren estrainekoa
Xabier Berasategi olaberritarrarentzat mundu mailako World Tour egutegiko lehendabiziko lasterketa garrantzitsua izan da Euskal Herriko Itzulia. Lasterketa hasi eta amaitzea zuen helburu eta bete du. Etapa gehienetan atzeko postuetan amaitu badu ere, azpimarratzekoa da hirugarren etapan lortutako 17. postua.
Goierritarrak ez ezik, Goierriko parajeak ere izan ditu protagonista Itzuliak. Otsaurtetik sartu zen lasterketa Goierrira apirilaren 3an. Zegama, Segura, Idiazabal, Olaberria, Lazkao eta Ataun zeharkatu zituen gero, Lizarrustitik gora Altsasun amaitzeko.
Ohi bezala, zaletu asko bildu ditu aurten ere lasterketak. Goierriko parajeetan jende ugari bildu zen Itzulia bertatik bertara ikusteko.