Lau etxebizitza berri egingo ditu Otegi eraikuntzak Alegi auzoan
Miranda etxea dagoen orubean garatuko da proiektua. Atxikitako lau etxebizitza izango dira. Eraikuntza enpresak aurre proiektua egina dauka dagoeneko.
Otegi eraikuntza enpresak Itsasoko Alegi auzoan atxikitako lau etxebizitza berri egiteko proiektua martxan du, Itsaso Herriako Gorka Sasietak esan duenez. Etxebizitzak gaur egun Miranda etxea dagoen orubean eta ondoko sailean eraikiko dira. Eraikuntza enpresak dagoeneko egina dauka aurreproiektua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren oniritzia jaso du.
Otegi eraikuntza enpresak orain bizpahiru urte erosi zuen Miranda etxea eta haren alboko lur saila bertan etxe berriak egiteko asmoarekin. Sasietak adierazi duenez, «etxea nahikoa egoera txarrean dago eta eraikina botako da ondoren elkarri atxikitutako lau etxebizitza berri egiteko». Lur saila eraikigarria den arren, etxebizitzak ezingo dira errepidearen mailan eraiki, «erreka nahikoa hurbil dagoelako». Aurreproiektuan jasotakoaren arabera, garajeak eraikiko dituzte maila horretan, «horretarako ez dago arazorik» eta etxebizitzak bigarren mailatik gora. Ondorioz, etxebizitzek plazatik izango dute sarrera, Zelaiondo elkartearen paretik, gutxi gora behera eta garajeetarako sarrera errepidetik.
Errekatik bi metrora
Sasietak adierazitakoaren arabera, «hainbat bilera» izan dituzte aldundiarekin. Bilera horietan, beste zenbait gauzaren artean, erakin berria errekatik zenbat metrora eraiki behar den zehaztea izan da lanetako da. Segurtasuna ziurtatzeko «erreka eta etxeen artean 2 metroko tartea utzi behar dela adostu da. Eraikuntza enpresak aurreproiektua ere aurkeztu dio aldundiari eta bere oniritzia jaso du», adierazi du.
Guztira, 90 metro koadro inguruko lau etxebizitza berri eraikiko dira, hiru pisutan banatuta. Azpialdean garajea izango dute, errepide aldetik sarrera izango duena; bigarren eta hirugarren solairuetan banatuta egongo dira sukaldea, jangela, egongela, bi logela eta komuna.
Behin aurreproiektua eginda, behin betiko proiektua egitea da hurrengo lana. Gainera, «xehetasun azterketa bat ere egingo da, eraikin zaharra bota eta berriari beste forma bat eman ahal izateko». Sasietak esan duenez, etxebizitzak urtea amaitu aurretik eraikitzen hastea da asmoa.