Olaberriko palari gazteak Paueko txapelketan zaildu dira
Aste Santuko oporretan, nazioarteko paleta txapelketan lehiatu dira lau mutiko. Bina domina irabazita itzuli dira.
Bina domina kolkotik behera jantzita itzuli dira Olaberriko pilota eskolako lau palari gaztetxo Paueko (Okzitania) Paleta Tour nazioarteko txapelketatik. Martxoaren 28tik apirilaren 1era, munduko kopa txiki baten pareko mailan lehiatu dira 16 talde, bost adin mailatan bereizita. Daukan antolakuntzagatik eta biltzen diren pilotarien mailagatik, pala txapelketa estimatuenetako bat da Pauekoa. Paleta larruz jokatzen dute, eta 12, 14, 16 eta 19 urtez azpikoen mailetan eta nagusien kategorian bereizten dituzte partaideak, kiniela, clasic eta taldekako (urdaiazpikoarena deitua) txapelketak jokatzeko.
Aurten ere Olaberriko pilota eskolak bidali ditu harrobiko gaztetxoak Pauera. Lau mutil izan dira, 14 urtez azpiko kategorian. Batzuek hirugarren partaidetza zuten. Gipuzkoa-1 taldean Aritz Maiora, Josu Soberon eta Eki Aizpuru aritu dira. Kiniela eta Clasic arloetan irabazi egin dute, eta taldeka 6. postua lortu dute.
Promozioko lehiaketan, Gipuzkoa-2 ordezkatuz Oinatz Aranburu aritu da. Clasic lehiaketan eta urdaiazpikoaren txapelketan bigarren postuak lortu ditu, eta taldeka hirugarren geratu da.
Bina domina lortuta, “entrenamenduetan egiten ari diren lan handiaren erakusgarri” dela baloratu dute Olaberriko Pilota Eskolako arduradunek. Paueko paleta txapelketaren irabazle absolutua Landes taldea izan da. Ondoren, Amaia eta Larraina talde nafarrak geratu dira, eta jarraian Barbarians.
“Txapelketan mundu mailan erreferente diren Nafarroako talde indartsuenak izan dira: Amaia, Larraina eta Tenis. Gaur egun izugarrizko lana egiten ari diren Frantziako taldeak ere bazeuden: Landes, Akitania, Okzitania, Chaudron… Baita Armintza bizkaitarra eta Adurtza arabarra ere”, azaldu dute Olaberriko elkartekoek.