Sarea josi dute goierritar gazteek
Ataungo Torto, Beasaingo Melmak, Urretxu-Zumarragako Zugazteleku, eta Legazpi, Ordizia eta Zaldibiako gazte asanbladek bi eguneko topaketa egin du Aste Santuko oporraldia baliatuta.
Goierriko gazteek elkarren arteko kidetzea sendotzeko baliatu dute Aste Santuko oporraldia. Eskualdeko sei gazte asanbladak bi eguneko egitaraua antolatu zuten Pazko Astean, asteazkenean eta ostegunean, Ordizian eta Beasainen. Hitzaldiak, kirol eta kultur ikuskizunak, festa, ekitaldi gastronomikoak… egin dituzte. Jendetsuak izan dira mobilizazioak. Kasu, Beasaingo frontoi estalia txiki gelditu zen boxeo jaialdia ikusteko. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete gerturatutako guztiei.
Ataungo Torto, Beasaingo Melmak, Urretxu-Zumarragako Zugazteleku eta Legazpi, Ordizia eta Zaldibiako asanbladetako gazteak elkartu ziren. Goierriko beste hainbat herrietako gazteak ere izan ziren, norbanako gisa. Topaketen helburua gazte goierritarren eta asanbladen arteko harremanak estutzea zen. Izan ere, asanbladen helburuak eta beharrak konpartituak zirela ikusi zuten iraganean, nahiz eta asanblada bakoitzak bere herriko izaera eduki. Gazte problematik jo puntuan izan zen hitzaldietako bat. Hizlari, kirolari, musikari… guztiak goierritarrak edo ingurukoak izan ziren.
Jarraipena eman nahi diote hasitako bideari. Hala, bi eguneko egitarauarekin konformatu beharrean urte osoko agenda konpartitu nahi dute.
Aurtengoa, bigarrena
Iaz egin zuten lehen topaketa, Legazpin eta Beasainen. Aurten, bi egunak Goierri behean ospatzea hobetsi zuten azpiegitura egokiena bertan topatu zutelako. Ordiziako plazan, Beasaingo Gernika pasealekuko pilotalekuan eta bi herrietako gaztetxeetan izan ziren ekitaldiak.