'Gure historiako pasarteak' azalduko ditu Ander Guilleneak irudien bidez
Prentsa argazkilariak 1990 eta 2018 artean egindako argazkiak biltzen dituen ikus-entzunezkoa Kultur Etxean eskainiko du, 19:00etan. "Gure herriaren historia grafikoa" dela dio egileak.
Ander Guillenea prentsa argazkilariak Gure historiako pasarteak. 1990/2018 izeneko ikus-entzunezkoa eskainiko du bihar ostirala Legazpiko Kultur Etxean, 19:00etan. Ehunka argazki biltzen dituen lana, hiru hamarkadetan zehar egindakoak, eta garai hartan Euskal herrian bizi zuen gatazka politikoa dute oinarri.
Egileak dionez, “Argazkiak kronologikoki erakusten ditut hiru hamarkadetan zehar gure herrian bizi izan ditugun gertakari asko bata bestearen atzetik errenkan ikus daitezkeelarik. Proiekzioan zehar erakusten ditudan argazkien deskribapen motzak ematen ditu, zer urte den, zer gertakari, non…. ikusleari zer garai edo gertaera ikusten ari den jakinaraziz, eta baita ere sortu daitezkeen galderei erantzuten diet”.
Hiru hamarkada haietan izandako aldaketa politiko eta gertaera asko ikusi ahal izango dira ikus-entzunezkoan, besteak beste, “alderdi politiko ezberdinen ekitaldiak, arrazoi ezberdinengatik deituriko manifestazioak, atxiloketak, alderdi politikoen ilegalizazioak eta izen berriekin ondoren berragertzeak, ETAk eginiko atentatuak eta ondorengo protesta edo hiletak, presoen aldeko mobilizazioak, ETAko kideen hil kapera eta hilobiratzeak, hauteskunde garai ezberdinak, kale istiluak, egunkarien itxierak eta abar”.
Euskal Herriaren historia grafikoa
Guzti horiek, “gure historia grafikoaren pasarte” dira, eta argazkilariaren nahia da “gure iraganaren zati direla aldarrikatzea, hiru hamarkada horiek bizi izan ditugunok gertaturikoak ahaztu ez ditzagun eta ezagutu ez dituzten gazteagoek ere haien berri izan dezaten”. Argazki proiekzio soil batetik harago, “gure herriaren historia grafikoa da, memoria, azken batetan proiekzio historikoa da”, dio egileak.
Ander Guillenea Euskaldunon Egunkariaren sorreran bertan hasi zen argazkilari lanetan, eta ondoren, 1997etik aurrera Associated Press (AP) agentzi internazionalarekin ere lan egin du. Gainera, 2005etik Agence France Presseko (AFP) argazkilari kolaboratzailea da. Bostok Photo euskal argazkilari taldeko kide sortzailea ere bada.