Maiatzaren 2ko familia bazkarirako eta Mirandaola egunekorako txartelak salgai
Familien bazkarirako paella prestatuko du Lekanazpik, eta maiatzaren 5eko Mirandaolako bazkarirako catering bat kontratatu du udalak.
Santikutz jaiak gerturatzen ari dira, eta hainbat ekitaldi prestatzen hasita dira. Hala, maiatzaren 1eko haur eta gazteen danborradarako eta maiatzaren 2ko herri danborradarako entseguak martxan daude dagoeneko, eta festa egunetan egingo diren bi bazkaritarako txartelak salgai jarri dituzte.
Maiatzaren 2an familien herri bazkaria egingo da plazan, eta iaz bezala, Lekanazpi elkartea arduratuko da haragi paella prestatzeaz. Bazkarian norberak eraman dezake jatekoa, baina paella nahi duenak, aurrez erosi beharko du txartela, 4 euroan, hilaren 24ra arte, Gurrutxaga, Karibe Zaharra eta Maiatza tabernetan. Edariak eta bazkal ondorengoak norberaren kontu izango dira. Udalak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu.
Bestetik, aurten berrikuntzekin dator Mirandaola eguna, eta udalak catering zerbitzua eskainiko du herri bazkarirako. Helduen menuak 25 euro balio du eta haurrenak, 13 euro. Txartelak salgai daude dagoeneko udaletxeko harreran. Mirandaola eguna maiatzaren 5ean izango da aurten, eta herri bazkaria, Burdinaren museo ondoko karpan izango da.