Xabi Zurutuzak igandean debutatuko du Munduko txapelketan
Amerikako Estatu Batuetako Austin hirian izango du lehen lasterketa. DAZN plataforma bidez ikusi ahal izango da, 18:00etatik aurrera. Legazpin, Karibe Zaharra tabernan elkartuko dira pilotuaren fan klubeko kideak eta gainerako jarraitzaileak.
Igandean, apirilaren 14an, debutatuko du Xabi Zurutuza Legazpiko moto pilotuak Moto3ko munduko txapelketan. Txapelketa martxoaren 10ean hasi zen, Losailgo zirkuituan (Qatar), baina legazpiarrak ezin izan zuen parte hartu, oraindik 18 urte betetzear zituelako. Arrazoi beragatik, martxoaren 17ko Algarveko lasterketan ere (Portugal) ez zuen parte hartzerik izan.
Zurutuzak hil hasieran bete ditu dagoeneko 18 urteak, eta Amerikako Estatu Batuetan debutatuko du mundu mailako lehian, RedBull KTM Ajo taldearekin. Lehen lasterketa hori Ameriketako zirkuituan izango du, AEBko Texas estatuko Austin hirian. Ondoren, eta denboraldia azaroaren 17an amaitu arte, beste 17 lasterketa egin beharko ditu. Legazpiarraren helburua hasi berrien arteko saria irabaztea da.
Igandeko lasterketa 18:00etan izango da, eta DAZN plataformaren bidez ikusi ahal izango da.
Xabi Zurutuza fan klubaren bazkidetza kanpaina
Pilotua motor gainera igotzeko den honetan, Legazpin duen fan klubak bazkidetza kanpaina berria hasi du. Aurtengo kuota 40 eurokoa da, eta horren barruan kamiseta, motxila eta bazkide txartela sartzen dira, besteak beste. Fan klubak Karibe Zaharra tabernan du egoitza, eta bertan elkartzen dira Zurutuzaren jarraitzaileak haren lasterketak ikusteko. Iganderako eginda dute hitzordua, 18:00etan.
Klubeko bazkide izateko eta horrela Zurutuzari ekonomikoki laguntzeko, bertara edo Laubideko Intsausti tabernara jo dezake, baita xabizurutuzafanclub.com webgunetik ere.