Santikutz jaietako zapia salgai jarri dute
Kultur Etxean erosi daiteke, 2 euroan. Esperanza Larrazak egindako diseinua darama. Jaietako programa gaur hasi dira banatzen.
Legazpiko Santikutz jaiek zapia dute lehen aldiz, eta salgai dago dagoeneko. Kultur Etxean daude salgai, 2 euroan, aste egunetan, 10:00etatik 20:00ak arte.
Jaietako lan batzordean sortutako proposamena izan da zapia ateratzearena, eta horren diseinurako propio egindako lehiaketa irabazi zuen Espe Larrazak egindako irudia darama. Koloreak herriko banderarenak ditu, beixa eta granatea, eta erromeria bateko giroa irudikatzen du.
Programa, hilaren 18tik aurrera
Santikutzeko jai egitaraua, bestalde, gaur dira herriko etxe guztietan banatzen. Apirilaren 22rako amaituta egongo da banaketa, eta ordurako jaso ez duenak edo ale gehiago nahi dituenak, udaletxean edo Kultur Etxean jaso ahal izango ditu, hilaren 24tik aurrera.
Programaren azala ere lehiaketa bidez aukeratu da aurten, eta diseinuaren egilea Ainara Romero da.