Auto-konpostajearen gaia landuko du Legazpiko Agenda 2030 foroak hurrengo astearteko bileran
Bilera Kultur Etxean izango da, eta herritar guztiak daude gonbidatuta. 2012an hasi zenetik, hondakin organikoak konpostatzen dituzten familien kopuruak nabarmen egin du behera Legazpin.
Legazpiko Udalak Agenda 2030 Foroaren bilera deitu du datorren astearterako, hilak 24, eta bertan auto-konpostajearen gaia landuko da. Legazpiko auzo-konpostajearen egungo egoeraren berri emango dute bertan, 2012. urtean hasi zenetik, hondakin organikoak konpostatzen dituzten familien kopuruak nabarmen egin duelako behera. Bilera Kultur Etxean izango da, 18:30etik 20:00etara, eta herritar guztiak gonbidatu ditu bertara udalak.
Bestalde, urte honetatik aurrera Goierriko auzo-konpostajea gainbegiratzeko eta kudeatzeko ardura Sasieta Mankomunitateak hartu du, haren funtzionamendua hobetzeko. Hori dela eta, foroaren bileran Sasietako langileak izango dira, eta gai horretaz ere hitz egingo da, zerbitzu hori berrantolatu eta suspertu daitekeen ikusteko
Auto-konpostajeaz gain, 2030 Agenda Foroan Legazpiko Klima eta Energia Plana ere landu nahi dute aurten, Foroaren helburuei eta funtzioei buruzko hausnarketa prozesu bat egin nahi du udalak, eta 2025erako herritarren parte hartzeko programa bat prestatu.