«Alaitasuna errondaila bizipoza da niretzat»
Julian Armendariz Saralegik (Intza, Nafarroa, 1941) irakurriko du Santikutz jaietako pregoia, hurrengo asteartean. Alaitasuna errondailako kide da hasieratik, eta aurten 60 urte egingo ditu taldean.
Zer sentitzen da pregoia irakurtzeko gonbita jasotzean?
Ohore handi bat da. Nafarroan jaioa naiz, eta Legazpira 6 urterekin etorri nintzen, aita Bautistari hemen irakasle plaza eman ziotenean. Urte asko egin ditut hemen, eta legazpiarra naiz, orain Azpeitian bizi banaiz ere. Eta lotuta jarraituzen dut Legazpirekin, batez ere errondailari esker.
Zergatik aukeratu zaituzte pregoilari izateko?
Nik uste dut Alaitasuna errondailak 60 urte betetzen dituelako, eta ni hasieratik nagoelako izan dela.
Zer esango duzu?
Lehenik eskerrak emango ditut, familiakoei, lagunei, eta gurekin, errondailarekin ibiltzen den jendeari. Eta gero, sentitzen dudan ohorea ere jakinaraziko dut.
Nondik datorkizu musika zaletasuna?
Aita zen musikaria etxean, bandurria, gitarra eta lauda jotzen zuen. Osaba Julianek ere bai. Familiatik dator gure musika zaletasuna, eta iturria gure aitona Migel izan zen. Dultzaina jotzen zuen jaioterrian, Hiriberrin, nire aita eta osaba atabalero zituela. Halako aurrekariekin, ni ere musikarekin hasi nintzen, aitarekin jotzen ikasita. Bandurria, lauda, laudina eta gitarra jotzen ditut.
Bide luzea egin duzu musikan.
Bai, errondailarekin batera. Hasieratik naiz errondailako kide, aitak eta beste musikari batzuk 1963an sortu zutenetik. Soldaduskatik etorri eta 22 urte nituela hasi nintzen, eta orain arte. Lehen kontzertua 1964ko urtarrilean eman genuen, eta ondoren taldeak hainbat gorabehera izan ditu, 60 urte eta gero, bizirik dago, eta indartsu gainera.
Eta zuk ez duzu hutsik egin.
Ez, nahiz eta lana askotan arazoa izan den. Komertzial gisa ibili naiz, alde batetik bestera, hasieran Muru garraio enpresarekin, gero Azpeitian altzari enpresa batekin, eta azkenera, metalaren arloko beste batean. Azpeitira joan nintzen ezkondutakoan, baina Legazpira etortzen jarraitu nuen, entseguetara. Orain ere, astean bi aldiz etortzen naiz.
Zeintzuk izan dira errondailaren historiako mugarriak?
Zuzendari aldaketa, adibidez. Gure aita jarri zen zuzendari hasieran, eta 1979an kargua utzi eta Jesus Gordoak hartu zuen ardura. 2004tik Eli haren alaba da zuzendaria. Lokala Doinu Ederren lortzea ere aipagarria da, aurretik hainbat tokitan egon ginelako, tartean Saturnino Telleriako elkartean. Eta gero esango nuke, gorabehera batzuk izan arren, batez ere 15 urtetik 25urtera bitarteko epean, taldea beti egon dela elkartuta, ez duela inoiz eten jarduna. Santa Zezilia ospatzeko, Hiriberrira joateko… beti elkartzen ginen.
Nola dago orain taldea?
Nik uste dut errondailak bere lekua hartu duela Legazpiko musika panoraman. Egia da jendea behar dela, beti behar da jendea, atzetik jendea bultzaka behar da.
Zer da zuretzat errondaila?
Ihesaldi bat baino askoz ere gehiago da. Gustatzen zaidana egiten dut, ingurukoekin ondo konpontzen naiz, eta familia bat osatuta dugu. Hori bizipoza da! Gustura nago, ez da orain dela 30 urte bezala, adinean aurrera noalako, baina gustura nago. Eta orain ilusio handia dut 60 urteak ospatu behar ditugulako. Ekitaldi batzuk prestatzen ari gara.
Gustura hartuko zaituzte zuen jarraitzaileek.
Errondaila ez da gurea bakarrik, herriarena ere bada, hala sentitzen dut nik, eta herria gu ikusteko eta entzuteko prestatu egiten da, belarriarekin eta bihotzarekin. Hori eskertzekoa da.
Festetan ere joko duzue.
Bai, maiatzaren 4an, larunbatean, eguerdian.