Tren zerbitzua ez da etengo Legazpin eta Brinkolan
Udalak eta Adifek akordioa lortu dute, eta astelehenean indarrean sartuko den ordutegi berriarekin mantendu egingo dituzte bi geltokietako geldialdiak. Linean egiten ari diren obrengatik, datozen bi urteetan Zumarragaraino eta Zumarragatik autobusa jartzea zen Renfek hasieran zuen asmoa.
Brinkola eta Irun arteko tren linean egiten ari diren obrak direla eta, datorren astelehenean, hilak 29, indarrean sartuko den ordutegi berrian hainbat murrizketa ezarriko dituzte trenen maiztasunean, baina Legazpiko eta Brinkolako geldialdiak mantendu egingo dituzte, udalak eta Adifek lortutako akordio bati esker.
Azpiegituretan egiten ari diren lanen ondorioz, Hernani eta Donostia artean bide bakarra eta abiadura muga ezarriko dituzte, eta horrek Andoain-Irun tarteko bidaiaren iraupena luzatzea ekarriko du. Bidaien iraupena murrizteko, datozen bi urteetan tren zerbitzua Zumarragan etetea proposatu zuen hasieran Renfek, eta Brinkolako eta Legazpiko zerbitzua autobus bidez eskaintzea.
“Beharrezko eta ezinbesteko zerbitzua”
Planteamendu horren berri izan ondoren, Eric Galvez alkateak Veronica Portell eta Txema Riñon Renfeko arduradunekin negoziazioak hasi zituen, arazoari konponbidea emateko. Hainbat astetako negoziazioen ondoren, lortu dute Legazpiko eta Brinkolako zerbitzuak mantentzea, udalaren ustez, “herritarrentzat beharrezko eta ezinbesteko zerbitzua” delako.
Beraz, datozen astelehenetik aurrera ordutegi berria sartuko da indarrean, eta maiztasuna murriztuko da, baina trenek jarraituko dute bi geltokietaraino iristen. Maiztasunaren murrizketa minimizatzeko, hainbat trenetan bikoiztu egingo dira bidaiaren plazak.
Distantzia luzeko eta erdiko trenek ez dute aldaketarik izango maiztasunean, baina bai aldaketa txikiak bidaiaren iraupenean.